Ahultasuna zahartzeari lotzen zaion egoera bat da, eta haren ondorioetako bat hondamen kognitiboa da. Hura definitzerakoan adostasun argirik ez badago ere, pertsona batek ahultasun sindromea daukan edo ez zehazten duten bost alderdi onartuta daude: gorputz masaren galera azkarra, ahulezia, neke sentimendua, jarduera fisiko urria eta ibileraren abiadura txikia. Azken hau hartu du ardatz Jon Martinikorena Aranburu NUPeko Telekomunikazio ingeniari teknikoak bere ikasketen amaierako lanean, non ahultasunaren diagnostiko goiztiarrean lagun dezakeen neurketa-sistema alternatibo bat garatu baitu.
Adituek uste dute ibiltzeko ohiko abiaduraren txikitzeak iragartzen dituela ondorio larriak gizabanakoarentzat, esaterako, ospitaleratzea edo heriotza. Gaur egun, badago ikerketa esparru zabal bat aurkitzeko ahultasunaren edo bestelako gaitzen adierazle izan daitezkeen ezaugarriak, diagnostikoa hobetzeko aukera ematen dutenak.
Pertsona baten abiadura neurtzeko gaur egungo sistemak garestiak dira eta laborategi zehatz batzuetan daude. Sistema optoelektronikoak, indar plataformak, tapiz edo zapata instrumentalizatuak dira, besteak beste. “Egin duguna izan da —dio Jon Martinikorenak— azelerometro batean oinarritutako sistema berri bat balidatzea. Modu anbulatorioan, kliniketan edo etxean bertan erabil daitekeen alternatiba merkeago bat ematen saiatu gara, zeren, sarritan, adinekoek zailtasun handiak izaten baitituzte ospitale batera joateko”.
Alicia Martínez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Matematika Saileko irakasleak zuzendu du bere ikasketen amaierako lana. Azaldu duenez, “azelerometro bat erabiltzeak (proba egiteko unean pertsonari jartzen zaion gailu txiki bat) ibileraren zinematika neurtzeko, emaitza onak izan ditzakeen alternatiba moduan ikusi da. Gainera, neurtzeko balio duen tresna bakar bat da, eramangarria dena eta kostuak merkatzen dituena”.
Azterlana Iruñeko Erruki Etxeko pertsonekin egin zen. 20 pertsona ahulen taldea (ahultasunaren bost adierazleetako hiru edo gehiago dauzkatenak) alderatu egin zen aurre-ahulak ziren beste pertsona talde batekoekin (adierazleetako bat edo bi dauzkatenak), eta pertsona osasungarrien hirugarren kontrol-talde batekin. “Gure neurketetan oinarritutako emaitzek erakusten dute desberdintasun nabarmenak daudela hiru taldeen artean, eta, ondorioz, posible dela diagnostiko goiztiarra egitea datu horietan oinarrituz”.
Diagnostiko goiztiarra
Parte-hartzaileei azelerometroa jarri zieten eta hamar metroko distantzia ibilarazi zieten. Sentsoreak emandako seinaletik abiatuta, ibiltzeko moduarekin lotutako parametroak aztertu ziren, esaterako, ibilaldiaren erregulartasuna, urratsen simetria eta luzera, pausua egiteko aldien arteko aldagarritasuna, etab.
“Gailu eremangarria hori guztia erregistratuz doa, ekipo informatikora igortzen du, eta hor aukera dugu seinalea analizatzeko eta datuak ateratzeko”, azaldu du proiektuaren egileak. Gailuak azelerometroak dauzka hiru ardatzetan, giroskopoak eta magnetometroak, eta baita orientazioa kalkulatzeko iragazkiak ere.
Sistemak, emaitzen fidagarritasuna galdu gabe, kostu eta eramangarritasun arazoak gainditzen ditu. Berriki egindako azterlanetan frogatu da teknika honen bidez lortutako parametroak arrakastaz lotzen direla ahultasunak, parkinsonak edo narriadura kognitibo arinak eragindako pertsonen zenbait mugimendu gabezirekin.