Joan eduki nagusira

Europako Nekazaritza Ingeniarien Elkarteak heldu den uztailean, Zurichen egingo den biltzarrean, hiru sari emango dizkie 2012 eta 2013. urteetako Biosystems aldizkarian argitaratutako artikulu hoberenei. Hamar izendatuen artean dago Nafarroako Unibertsitate Publikoko Diseinu Mekanikoko ikerketa taldeak egindako lana. Ignacio Arana, Tomás Ballesteros, Amaya Pérez de Ezcurdia eta José Ramón Alfaro ikertzaileek iraulitakoan babesteko segurtasun arku autohedagarri baten prototipo bat garatu zuten traktore estuentzat.

Ignacio Aranak azaltzen duenez, nekazaritzan gertatzen diren heriotzen kausa nagusia da babesteko egitura bat ez duten traktorearen iraulketaren ondorioz. Kasu askotan, ibilgailuek iraulitakoan babesteko segurtasun arku hedagarria eduki arren, arkua ez dago hedatua iraultzeko unean. “Arazoa da traktore gidariak lanera joaten direnean, esaterako, mahastira edo lursailera, arkuak biltzen dituztela, eta ondoren ez dituztela hedatzen. Ondorioz, irauliz gero, arkua bilduta badago, ez du ezertarako balio eta gidaria azpian harrapatuta hiltzen da”.

zoom Segurtasun arkua traktorean hedatuta

Segurtasun arkua traktorean hedatuta

Arazo hori gainditzeko, Tuterako campuseko ikerketa taldeak bi dimentsiotan ejektagarria den arku baten prototipoa diseinatu eta fabrikatu zuen, eta saiakuntzak egin zituen. “Guk garatu dugun irtenbidea aurrealdeko arku bat da, azkar eta automatikoki hedatzen dena airbag puzgailuen bidez —dio Aranak—. Saiakuntzak egin ditugu John Deere C 60 traktore batekin, eta lurraren gainean 60 graduko inklinaziora iristen denean, jarrita daukan inklinometroak airbag puzgailuak aktibatzen ditu. Arkua hedatzen da, eta segurtasun posiziora iristen da 112 milisegundotan. Sistemak ongi funtzionatzen du, zeren hedatzeko denbora iraultzekoa baino laburragoa baita”.

Ikerketaren lehen partea Europako Nekazaritza Ingeniarien Elkartearen Biosystems aldizkarian argitaratu zen, 2013ko irailean. Gaur egun, egileek lanaren bigarren partea osatu dute, eta hori beste artikulu bateko gaia izango da.

European Society of Agricultural Engineers-en (EurAgEng) biltzarra Zurichen egingo da uztailaren 6tik 10era bitartean. Testuinguru honetan, 3 sari emango zaizkie 2012 eta 2013. urteetako Biosystems aldizkarian 300dik gora argitaratutako artikuluetatik hoberenei.