Joan eduki nagusira

zoom Guillermo Otano

Guillermo Otano

Guillermo Otano Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak REEDES saria irabazi du. Saria ikertzaile gazteentzat da, eta Red Española de Estudios del Desarrollo erakundeak ematen du. Saria garapenerako azterketak sustatu eta ezagutaraztea da, eta Huelvan egin zen Garapenerako Azterketen II. Nazioarteko Biltzarrean eman zen. Biltzarrean 200 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. Guillermo Otanok sarira aurkeztu zuen lanaren izenburua honako hau zen: “Askatasuna gizarte-harremana den aldetik. Amartya Senen gaitasunen ikuspegien interpretazio soziologiko bat”. Saria irabazteagatik egileak 700 euro irabazi ditu, eta bere lana Revista Iberoamericana de Estudios de Desarrollo aldizkarian argitaratuko da.

La Red Española de Estudios del Desarrollo erakundea nagusia da Estatuan ezaugarri hauek dituzten erakundeen artean. Bi urtean behin nazioarteko biltzar bat egiten du, eta biltzar hori erreferentziazkoa izaten da, nazioan eta nazioartean. Nazioarteko biltzar zientifiko eta akademikoa da, interes handia duena eta proiekzio praktiko ukaezina irakasleentzat, ikertzaileentzat, ikasleentzat eta gizarte eragileentzat. Aurtengo biltzarraren gai nagusia garapenaren ikuspegi alternatiboak izan da.

Guillermo Otano Gizarte Aldaketak ikerketa taldeko ikertzailea da, eta gaur egun giza garapenari eta gizarte aldaketei buruzko doktoretza tesia egiten ari da. Sarira aurkeztu zuen komunikazioa tesiaren kapituluetako bat da.

Bere komunikazioan, Otanok aztertu ditu, ikuspuntu soziologikotik, garapena askatasuna den aldetik ikusteak ekartzen dituen erronka teoriko eta metodologikoak. Amartya K. Sen Indiako ekonomistak garatu zuen ikuspegi hau, bere obra ezagunenetako batean: Development as Freedom. Otanok bi proposamen orokorretan laburtzen ditu Senek bere liburuan egiten duen proposamena. Alde batetik, konponketa instituzionalak eta sozialak pertsonen bizitzetan sorrarazten dituzten ondorioen arabera ebaluatzen dira, eta beste alde batetik, garapena «norbanakoen askatasunen hedatze prozesu bat bezala» ulertu behar da.

Bere komunikazioan NUPeko ikertzaileak defendatzen duen tesiaren arabera, giza garapenaren paradigmak jaramon handiagoa egin dio lehen proposamenari, bigarrenari baino, askatasunaren harremanezko izaera baztertuz. Ikuspegi hau zabaltzeko, hiru ideia osagarri onartzea proposatzen du. Lehena, onartzea norberaren askatasuna gizarte-harreman bat dela; bigarrena, boterearen egiturazko desberdintasunek baldintzatzen dituztela berdintasunaren aldeko borrokak; eta hirugarrena, borroka hauetan sartuta dauden eragileak, eragile kolektiboak direla beti, eta ez banakoak.

Otanoren iritziz, giza garapena ez datza hainbeste gizabanakoarengan, baizik eta elkartasun-formetan, zeinen bidez komunitate politiko bat osatzen duten kideen elkarrekiko aitortza eta gizabanakoaren autonomia gertatzen baitira. "Norabide honetan doan ikerketa-lerro batek azaldu beharko luke, ez bakarrik elkartasuna zedarritzen duten mugen izaera konfliktiboa, baizik eta elkartasuna posible giten duten gizarte-antolamenduaren formen izaera historikoki kontingentea" dio ikertzaileak.