Joan eduki nagusira

zoom Alfonso Arteaga Olleta

Alfonso Arteaga Olleta

Alfonso Arteaga Olleta Biologian eta Psikologian lizentziaduna da, eta bere doktoretza tesian bikotekideen arteko indarkeria ikertu du, drogaren menpekoak diren eta menpekotasuna gainditzeko tratamenduan dauden bikoteetan. Bere ikerketaren ondorioetako bat da "tratamenduan dauden drogaren menpekoek indarkeria handiago erabiltzen dutela bikotekidearen aurka jende gehienak baino", eta esku-hartzeko programa bat talde honi aplikatzeak berrizkatura txikiagotzen duela: "Berretsi zen tratatutako gaixoen % 65,4k ez zuela eduki indarkeria-gertaera gehiagorik, eta bikotekideen arteko indarkeriari lotutako hainbat aldagaitan hobekuntzak izan zirela: pentsamendu distortsionatuetan, psikopatologian, haserretasunean, oldarkortasunean, enpatian eta egokitzeko ezintasunean".

Tesiaren titulua “Tratamenduan dauden drogaren menpekoek bikotekidearen aurka erabiltzen duten indarkeriaren aurka esku-hartzeko programa baten eraginkortasuna ebaluazioa” da. NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Javier Fernández Montalvo eta José Javier López Goñi irakasleek zuzendu dute, eta Bikain cum laude kalifikazioa lortu du, aho batez.

Ikerketa Gizakia Helburu erakundearekin batera egin zen, drogaren menpekoak erakunde horretara joan ohi direlako tratamendua hartzera hainbat hilabetez. "Menpekoaren profila ez da erasotzailearen ohiko profila —dio Arteagak—. Hemen bikotean indarkeriazko jokabidea eduki duten pertsonak bagenituen, baina drogaren menpekotasunak oso baldintzatuta zeudenak".

163 gaixok osatutako lagin bat ebaluatu zen (119 gizonezko eta 43 emakumezko), hiru multzotan banatuta: menpekotasunaren aurkako tratamendua jasotzeaz aparte indarkeria-arazoak ere bazituzten pertsonak, batetik. Hauei bi gauzetarako tratamendua aplikatu zitzaien. Bigarren multzoan zeudenak drogaren menpekoak ziren eta indarkeriazko jokabideak zituzten, baita ere, baina hauei menpekotasunaren aurkako tratamendua aplikatu zitzaien bakarrik (1. kontrol-taldea): Azkenik, menpekoak ziren baina bikote-indarkeria arazorik ez zutenen taldea zegoen (2. kontrol-taldea). Tratamendua aplikatu baino lehen ebaluazioak egin ziren; gero, tratamendua aplikatu eta gero, eta tratamendua bukatu eta 6 hilabete geroagoko jarraipenaren ebaluazioa ere egin zen.


Emaitzak eta eraginkortasuna


Azterketa lehenagoko esku hartze programen esperientziatik abiatzen zen, Unibertsitateko Psikologia eta Pedagogia Saileko ikertzaileek egindakoak, bai bikotekidearen indarkeriaren aurkakoak, baita menpekotasunaren aurkakoak ere. "Bi gertaera hauen artean dagoen harremana ikusita, geure buruari galdetu genion ea menpekotasunaren aurkako tratamendua egiten ari zirenek bikotekidearen aurkako jokabideak ere bazituzten, eta baiezkoan, zer eraginkortasun edukiko zuen talde horri egokitutako esku-hartze programa batek"..

Emaitzek erakutsi zuten menpekotasunaren aurka tratamendua hartzen ari zirenen % 33,6k (gizonezkoen % 24,2k eta emakumezkoen % 63,3k) indarkeria erabili zutela beren bikotekideen aurka. "Orain lau urte, proiektua diseinatu genuenean, ez genituen aintzat hartzen emakumeak, baina kasu zehatzak ikusi ahala konturatu ginen beharrezkoa zela haiek ere barruan sartzea", azaldu du Alfonso Arteagak. "Ez da hainbeste gizonengandik emakumeengana bideratzen den genero-indarkeria, edo kontzeptu matxistak, emakumea gutxiago dela eta abar; ikusi genuena izan zen kontsumoari lotutako deskontrol bat. Eta ez da kasualitatea, korrelazio bat baizik: elkarrekin agertzen diren bi fenomeno, segurutik eskutik helduta doazenak".

Halaber, ikerketak agerian jarri zuen bikotekidearen aurkako indarkeria erabiltzen zuten mendekoek mendekotasun-arazo handiagoa, desegituratze pertsonal handiagoa eta arazo psikologiko handiagoak erakusten zituztela.

Programa kognitibo-konduktual bat aplikatzeak erakutsi zuen onuragarria zela indarkeriazko jarrerak txikiagotzeko. Berretsi zen gaixoen % 65,4k ez zuela gehiagotan erabili indarkeria bikotekidearen aurka; aldiz, aldez aurretik indarkeria erabiltzen zuten eta tratamendu espezifiko hau hartu ez zuten gaixoen taldean, ehunekoa % 33 izan zen. "Gainera, bikotekidearen aurkako indarkeriaren aurkako tratamendua jaso zutenek emaitza hobeak erakutsi zituzten, baita ere, indarkeriari buruzko pentsamendu distortsionatuetan, haserretasunean eta moldatzeko ezintasunezko aldaeretan. Horregatik guztiarengatik, uste dugu bikotearen indarkeria aintzat hartzeak menpekotasunak dituzten pertsonen ebaluazioan eta tratamenduan, laguntzen duela esku-hartzea hobetzen".

Alfonso Arteaga Olleta Biologian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, Psikologian lizentziaduna UNEDen eta Psikologian doktorea NUPen. Hogeita bat urtez lan egin izan du terapeuta moduan Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioan, horietatik hamar Suspertu aurre hartzeko programan, arrisku-jokabideak zeuzkaten nerabeekin eta beren senidekoekin. 2008tik irakaslea da NUPeko Psikologia eta Pedagogia Sailean, non hainbat irakasgai ematen baititu. Bere irakaskuntza-esperientzian barruan, lantegiak eta ikastaroak eman ditu Nafarroako Gobernuarentzat eta Osasunbidearentzat. Bost ikerketa proiektutan lan egin izan du, aldizkari zientifikoetan argitaratu diren hamar artikulu eta liburuetako 5 kapitulu egin ditu.