Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak hurrengo astean hasiera emango die Nafarroako Unibertsitate Publikoaren udako ikastaroei krisitik ateratzeko politika alternatiboei buruzko gogoeta batekin Ikastaroaren izenburua "Alternatibak krisiaren esperientziaren bidez" da, eta ekainaren 25 eta 26an egingo da. Viçent Navarro López Universitat Pompeu Fabrako Politika eta Gizarte Zientzietako katedradunak egingo du hasierako hitzaldia. “La Caixa” Gizarte Ekintzak finantzatzen du ikastaro honetan izen-ematea doakoa da, eta Unibertsitatearen webaren bidez egin behar da. Web horretan programa jaisteko aukera ere badago.
Gaurko krisi ekonomikoaren eta krisia hasi zenetik martxan jarri diren politika ekonomikoen ondorioek erreakzio handiak sorrarazi dituzte gizarte zibilean, bai bere ohiko erakundeetan (unibertsitatea, sindikatuak, alderdi politikoak, elkarteak, eta abar), baita mugimendu berrietan eta gizarte sareetan ere. Erreakzio hauek ekarri dute, esaterako, gaurko egoerara ekarri gaituzten arrazoien gaineko analisien trukaketa handia, baina baita sistema sozial, politiko eta ekonomiko alternatiboen gaineko informazio trukaketa handia ere, etorkizunean honelako lurrikara sozial eta ekonomikoak ez edukitzeko xedez.
Enpleguaren banaketa edo oinarrizko errenta unibertsala
Egoera honetan berriz hartzen dute gaurkotasuna jada hirurogeita hamarreko hamarkadan, petrolioaren krisiaren garaian, egiten ziren hainbat proposamenek, kapitalismoaren ziklo-aldaketen ondorio kaltegarriak saihesteko. Hala, berriz indarra hartu duten alternatibetako batzuk honako hauek dira: lana banatzeko proposamenak, produkzio eta jabetza forma komunak; nazioarteko trukeetarako zerga berriak; ekonomia politikorako proposamenak, oinarrizko errenta unibertsalarena, esaterako, hiritarren iraupen materiala bermatzeko modua emango dutenak; edo birbanaketa handiagoa bermatuko duten gizarte politikak, hiritartasuna aitortuko dutenak lan-merkatuan parte-hartzetik harago.
Hainbat esparrutako profesionalek kontzeptu hauei buruz gogoeta egingo dute ikastaro honetan. Begoña Pérez Eransus Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedraren zuzendaria da koordinatzailea, eta Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egingo da. Ikastaroa ekainaren 25ean, asteazkenean, hasiko da, eta Viçent Navarro López Universitat Pompeu Fabra Politika eta Gizarte Zientzietako katedradunak "Alternatibak badaude oraindik!" izenburua duen hitzaldia emango du inaugurazio ekitaldian.
Biharamunean hitzaldien eta eztabaiden bidez hainbat gai aztertuko dira, hala nola ekonomia sozial eta solidarioa, lanaren banaketa, oinarrizko errenta unibertsalaren proposamena, eta lan merkatutik kanpo dauden jarduerei berriz balioa ematea.
Udako 24 ikastaro Nafarroako zazpi udalerritan
Nafarroako Unibertsitate Publikoak udako 24 ikastaro programatu ditu guztira, eta Nafarroako zazpi udalerritan egingo dira. NUP akordioetara iritsi da Berriozar, Lizarra, Garde, Zangoza, Tafalla eta Zizur Nagusiko udalekin hainbat udako ikastaro egiteko. Udalerri horiei Iruñea gehitu behar zaie, NUPek urte asko baitaramatza lankidetzan udalerri horrekin ekimen hau antolatzeko. Inskripzioa zabalik dago, eta Unibertsitatearen web-orrialdearen bidez egin behar da. Unibertsitateak emango dituen 24 udako ikastaroetatik hamaika Nafarroako unibertsitateen udako ikastaroen programaren barruan daude.