Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan bihartik aurrera, asteartea, ekainak 17, egingo dira Unibertsitateko Enplegu Zerbitzuen XIV. Jardunaldiak. Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak sustatu du topaketa (RUNAE) Ikasleen Gaietarako Unibertsitateen Sarearen bidez, eta bertan 40tik gora unibertsitatetako ehun bat teknikarik parte hartuko dute. Jardunaldiek Iruñeko Udalaren lankidetza daukate, Sario eraikineko 04. gelan (17an) eta Kondestablearen Jauregian (18an) egingo dira, eta goizeko 9:30ean hasiko dira Julio Lafuente López NUPeko errektorea buru izango duen ekitaldi batekin.

Topaketa honen programan hainbat hitzaldi eta mahai-inguru daude, eta horietan hausnarketa egingo da Unibertsitateko Enplegu Zerbitzuen erronka nagusiei buruz, praktiken inguruan, laneko bitartekaritzan, orientabidean edo gure unibertsitatetik tituludun ateratakoei ematen zaien laguntzaren inguruan egituratzen direnak. Inaugurazio hitzaldia egingo du Federico Múñiz Alonso Enplegu eta Gizarte Segurantzako Estatistika eta Informazio Ministerioko zuzendariorde nagusiak. Hitzaldiaren izenburua da "Enplegua, guztiona den erronka: Prospekzioa, Bitartekaritza eta Informazio Partekatua”.

Lehen eguneko goizeko saioan mahai-inguru bat egingo da eta bertan praktikei buruzko legezko araudia aztertuko da. "Gizarte Segurantza eta praktikak, bekadunen gizarte-babesa, laguntzen eragina erabiltzaileengan eta familiakoengan, praktika programa salbuetsiak" da mahai-inguru honen izenburua. Moderatzailea izango da José Luis Goñi Sein Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedraduna.

Arratsalderako, bi lantegi praktiko antolatu dira: bata coaching-ari buruz, unibertsitateko enplegu zerbitzuetako erabiltzaileen garapen pertsonalerako tresna gisa, eta bestea unibertsitateko zerbitzu hauen komunikazio estrategiei buruz.

Unibertsitateko Enplegu Zerbitzuen XIV. Jardunaldien bigarren saio osoa Kondestablearen Jauregian egingo da, eta gai nagusia honako hau izango da: "Gizarteratze gune partikularrak: talentua, nazioartekotzea eta behar bereziak dituzten pertsonen gizarteratzea". Lau hitzaldi daude programan, eta haietan azalduko diren gaiak nazioarteko talentua atzematea, gazteen enplegua Europan, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna, eta enplegurako aukerak Europako instituzioetan izango dira. Jardunaldia bukatzeko, RUNAEren Enplegu Taldearen saio bat egingo da. Izan ere, Julio Lafuente errektorea buru duen foro bat da, eta unibertsitateetako enplegu zerbitzuak beren esperientziak partekatzea dauka helburutzat. Jardunaldiaren programa osoa Unibertsitateko webgunean dago ikusgai.