Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2014-2015 ikasturterako ohiko aurreinskripzioa egiteko epea astelehen honetan, ekainaren 16an, hasiko da, eta hurrengo asteazkenean, ekainaren 25ean 14.00etan, bukatuko da. Egun horietan, ikasleek ikaspostua eskatuko dute www.unavarra.es webgunearen bidez NUPen ematen diren gradu titulazioetako edozeinetan, eta ikasi nahi duten edo dituzten karrerak zein diren adierazi beharko dute lehentasun ordenaren arabera. Unibertsitateak aparteko aurreinskripzio epe bat irekiko du uztailaren 17 eta 18an, baina ikaspostu hutsak dituzten titulazioetarako. Guztira 18 Gradutan banatutako 1.825 ikaspostu eskainiko ditu NUPek hurrengo ikasturterako.

Batxilergoa, prestakuntza zikloa eta unibertsitateko titulazioa duten ikasleek Interneten bidez egin beharko dute aurreinskripzioa, eta hurrengo ikasturtean egin nahi dituzten titulazioak adierazi, gehienez ere lau, lehentasun hurrenkeraren arabera. 25 eta 45 urtetik gorakoek, eta lan esperientzia daukaten 40 urtetik gorakoek, ez dute online aurreinskripziorik egin behar. Horren ordez, inprimaki bat bete, eta behar den dokumentazioa aurkeztuko dute.

Era berean, heldu den ekainaren 25ean bukatuko da eskatzen den dokumentazioa aurkezteko eguna. Hautaprobak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin dituzten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentazioa aurkeztu behar, ez bada nazioarteko programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela, edo erreserba kupoaren bidez sartu direla. Dokumentazioa Administrazio eta Kudeaketako eraikinean aurkeztu behar dute, Arrosadiko Campusean, edo posta ziurtatuaren bidez.

Aurreinskripzioa egindako ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 4an jarriko da jendaurrean, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 16tik 18ra bitartean egin beharko dute matrikula unibertsitatearen web-orrialdean jakinaraziko den hurrenkeran eta eran. Lehen aipatu denez, uztailaren 17 eta 18an ohiz kanpoko aurreinskripziorako epea irekiko da, ikaspostu hutsak dituzten titulazioetarako.