Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du astearte honetan, ekainaren 10ean, 51 doktore berriren inbestidura ekitaldia, Julio Lafuente errektoreak zuzendu duen eta Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egin den ekitaldi batean. Salvador Barberá, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Oinarriak eta Analisi Ekonomikoaren katedraduna izan da promozioko aitabitxia. HItzaldi bat eman du, izenburu honekin: "Doktoretza programen papera unibertsitateen nazioartekotze prozesuan". Ekitaldi honetan bertan Nafarroako Doktoretza Eskola aurkeztu da, eta 2006tik 2010era bitarteko ikasturteetako doktoretzako aparteko sariak banatu dira.
Ekitaldira 350 pertsona baino gehiago joan dira. Ekitaldira bertaratu dira, besteak beste, errektoretza taldea, hamarka irakasle, eta hainbat erakundetako agintariak: Nafarroako Gobernuko delegatua, Carmen Alba; Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza kontseilaria, José Iribas; Nafarroako Arartekoa, Javier Enériz, eta Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria, Koldo Amezketa. Ekitaldiaren alderdi musikala Nafarroako Goi Mailako Musika Eskolako soka laukoteak eta Unibertsitateko Abesbatzak bete dute.
Ekitaldi akademikoa Julio Lafuente errektorearen agur batekin hasi da. Ondoren Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendari Jose Miguel Múgicak hitz egin du. Ondoren, 2006-07, 2007-08, 2008-09 eta 2009-10 ikasturteetako doktoretza aparteko sariak banatu dira. 2006-07 eta 2007-08 ikasturteetako sarien irabazleak honako hauek izan dira: Miguel Beruete Díaz eta María Elena Sáenz Sainz, ingeniaritza eta teknologia arloan; José Luis Lavín Trueba (Osasun Zientziak eta Oinarrizkoak); Rebeca Echávarri Aguinaga (Ekonomia Zientziak eta Zientzia Juridikoak) eta Antidio Martínez de Lizarrondo Artola (Giza eta Gizarte Zientziak).
Beste alde batetik, 2008-09 eta 2009-10 ikasturteetako sarien irabazleak honako hauek izan dira: Israel Arnedo Gil eta Rosa Ana Pérez Herrera (Ingeniaritza eta Teknologia); Estíbaliz Larrainzar Rodríguez (Osasun Zientziak eta Oinarrizkoak); Andrea Ollo López (Ekonomia Zientziak eta Zientzia Juridikoak); eta Amaia Arriaga Azcárate (Giza eta Gizarte Zientziak).
Hitzaldia eta inbestidura
Salvador Barberá, Oinarriak eta Analisi Ekonomikoaren katedraduna, ekitaldiko aitabitxia izan da, eta doktoreak inbestitu baino lehen hitzaldi bat eman du, aztertzeko doktoretza programek unibertsitateen nazioartekotze prozesuan daukaten betebeharra. Barberák ekarpen handiak egin dizkio ekonomia publikoari. Izan ere, diziplina honetan nazioarteko liderretako bat da, Espainian instituzio akademikoak eraikitzen egindako lanarengatik, etorkizuneko ekonomialarien belaunaldiek arrakasta eduki dezaten beharrezkoak diren oinarriak jarri dituelako.
Ekonomia publikoaren barruan, bere ikerketaren gune nagusia izan da mekanismo politiko eta ekonomikoen diseinuaren azterketa, eta bereziki erabaki kolektiboak hartzeko garaian parte hartzen duten eragileak behar bezala sustatzera bideratutako prozedurak. Hori horrela, aditu ezaguna da gizarte-hautaketaren teorian, boto-metodoen analisian eta konstituzio-diseinuan.
Ekitaldiak aurrera egin du, doktore berrien inbestidurarekin. Hauek banan-banan igo dira oholtzara, eta han errektoreak boneta eta egiaztagiria eman die. Azkenik, soka laukoteak eta abesbatzak “Gaudeamus Igitur” kantua jo dute.