Joan eduki nagusira

zoom Fermín Mallor Giménez

Fermín Mallor Giménez

“Transportation Research Part B” aldizkari zientifikoak, bere kategorian entzutetsuenetako bat denak, azken alean argitaratu du trafiko fluxua monitorizatzeko metodologia matematiko berri bati buruzko ikerketa bat, epe ertain eta luzean aurreikuspenak egiteko aukera ematen duena. Lana honako ikertzaile hauek egin dute: Iván Guardiola, Missouriko Science and Technology Unibertsitatekoa; Fermín Mallor, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa; eta Teresa León, Valentziako Unibertsitatekoa. "Trafiko bolumena ezagutzeaz gainera, trafiko hori nola dabilen jakinda, hauteman dezakegu trafikoa noiz ari den aldatzen modu esanguratsuan. Informazio hori erabil daiteke, esaterako, seinaleztatzeari (semaforoak, norabideak, ...) bideen edukierari, eta abarrei buruzko erabakiak hartu behar direnean", azaldu du Fermín Mallor Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko katedradunak.

Ikerketa hau berritzailea da hain zuzen ere kurba-estatistika deitzen den hori aplikatzen diolako trafikoaren monitorizazioaren edo kontrolaren problema zehatzari. Metodologiaren erabilgarritasuna irudikatu da Amerikako autopista batean 2004 eta 2011 urteen artean erregistratutako trafiko datuak erabiliz. Hala ere, oinarrian duen metodologia eta prozedura matematikoa, trafikoaren monitorizazioa egin nahi den beste edozein lekutarako balio du", dio ikertzaileak. Trafikoa aztertzeko testuinguruan metodologia baliotsua izateaz gainera, behar bezala egokituta, maiztasun handiz datuak jasotzen dituen edozein fenomenoren monitorizazio eta kontrola egiteko ere aplika daiteke (jada ohikoa dena sentsoreen erabilpenari esker) jarraipena beharrezkoa denean aldaketak hautemateko (tenperatura, zarata, bibrazioa, etab.).

Aplikatutako metodologiaren alderdi garrantzitsuenetako bat trafiko-fluxuaren patroietan aldaketak hautemateko duen ahalmena da. Hori lortzeko, datuen analisi funtzionala (edo kurben analisia) eta kalitate kontrolerako aldaera anitzeko teknikak konbinatzen dira. Kurba-estatistika analisirako modu berri bat da, aztertzen diren datuek sortzen duten forman edo profilean oinarritzen dena. Hurbilketa matematikoak aukera ematen du jasotako datuak ahalik eta gehien baliatzeko, trafiko fluxu gorena, fluxu goren hori lortzeko denbora, eguneko fluxua guztira, eta horrelako aldagaien sorreran eta azterketan oinarritutako analisi tradizionalak gainditzen ditu.

Emaitzek aukera ematen dute egun ezberdinetan gertatzen diren trafiko aldaketak sorrarazten dituzten arrazoi nagusiak aztertzeko. Aztertuetako datuetan oso patroi ezberdina atera zen astegunetan eta jaiegunetan. Beste faktore batzuk duten garrantzia kuantifikatzeko aukera ere ematen du; esaterako, oporraldiak, erosketa eta bidaia aldiak. Hala ere, daukan erabilgarritasun handiena da aldaketak hautematen dituela trafikoan, adibidez, hedatze demografikoa dela-eta hurbileko eremuetan, merkataritza eta aisialdiko gune berriak sortu direlako, etab.

Artikuluan, metodologia hau erabiltzean lau abantaila argi nabarmentzen dira: lortutako datu bolumenaren ahalik eta ustiapen handiena, eguneroko trafiko-profilaren adierazpen grafikoa eta metodo baten garapena erabaki estrategikoak hartzeko.

Matematikaren aplikazioa industrian

Bestalde, gogorarazi behar da Red Española Matemática - Industria (math-in) sareak 2013. urtearen bukaeran matematikako ezagutzak industriara bestetaratzean arrakasta izan zuten zazpi kasu hautatu zituela, Espainian azken urteetan egin zirenen artetik. 7 proiektu horietako bat Fermín Mallor, Cristina Azcárate eta Rosa Blanco NUPeko ikertzaileek garatu zuten, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin lankidetzan.

"Energia eraldatzeko eta biltzeko sistema baten bideragarritasuna. Eoliko/hidrogeno sistema energetiko mistoak kudeatzeko modeloak" izeneko proiektuan parke eoliko batek sortutako energia hidrogeno forman biltzeko sistema baten simulaziorako eredu bat garatu zen. Simulazio ereduaren bidez, gaur egun errentagarria den edo ez bezalako galderei erantzuteaz gainera, baita energiaren prezioen eta garapen teknologikoko zein egitura baldintzetan izan zitekeen errentagarria ere eta zein izango litzatekeen dimentsionatu hoberena ere erantzuteko aukera ematen du. Energia sistema hibrido horien kudeaketa hoberena egiteko metodoak ere erdiesten ditu.