Joan eduki nagusira

Guztira 2.867 ikasle nafarrek ekainaren 4, 5 eta 6an egingo dituzte Unibertsitatean Sartzeko Probak, Hautaprobak deitzen direnak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko eta Tuterako Campusetan. Iaz baino 149 pertsona gehiago matrikulatu dira, aurreko urtean 2.718 ikasle matrikulatu baitziren. Matrikulatutako ikasle kopuru osotik, 1.714 emakumeak dira, % 59,7; hau da, iazko urteko ehunekoa baino handixeagoa (% 58,05). Gainerako 1.153 gizonak dira (% 40,3), 2013ko Unibertsitatean Sartzeko Probetakoa baino kopuru txikixeagoa. Bestalde, guztira 2.163 ikaslek egingo dute hautaproba gaztelaniaz, eta gainerako 703k euskaraz. Notak ekainaren 11ko 13:00etatik aurrera jakinaraziko dira, Unibertsitatearen web orrialdearen bidez (www.unavarra.es) edo eta NUP USP telefono mugikorrentzako aplikazioaren bidez..

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du Unibertsitatean Sartzeko Probetarako deialdia, Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita. Matrikulatutako ikasleak sei epaimahaitan banatu dira, eta horietatik bost Iruñeko Arrosadiko campusean egongo dira, eta seigarrena, Tuterako campusean. Arrosadiko campuseko epaimahaietako lau Ikasgelategian egongo dira, horietako bat euskaraz, eta bestea Sario eraikinean. Proben orduak, ikastetxeen banaketa epaimahaika eta aurreko urteetako azterketak hemen daude ikusgai: (www.unavarra.es). Unibertsitatean Sartzeko Proben bigarren deialdiko azterketak ekainaren 25, 26 eta 27an egingo dira.


Fase orokorra eta fase espezifikoa


Unibertsitatean Sartzeko Probaren arautegiaren arabera, probek nahitaezko fase orokor bat eta borondatezko fase espezifiko bat dituzte, zeinak probaren lehen fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko aukera eskaintzen baitie ikasleei, eta xedetzat baitauka jakintzak balioestea egin nahi den jakintza-adarreko unibertsitate-ikasketekin lotutako diziplina-esparruetan.

Ikasleek fase espezifikoan Batxilergoko bigarren mailako gehienez ere hiru modalitate-irakasgaitako azterketak egiteko aukera dute baina biren nota soilik hartuko da kontuan. Azterketa bakoitzean lortutako emaitza haztatuko da irakasgaiaren eta unibertsitateak eskainitako titulazio bakoitzaren artean dagoen loturaren arabera. Aldi berean, titulazio horiek bost jakintza-arlotan multzokatuta daude: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, Osasun Zientziak, eta Ingeniaritza eta Arkitektura eta Zientziak.

Deialdi honetan, ikasle gehienek, 2.504, zehatz esanda, fase orokorrean eta espezifikoan eman dute izena; 173 ikaslek fase orokorra bakarrik egingo dute, eta beste 190 ikaslek fase espezifikoa bakarrik.


Hautaproben egutegia


Probak ekainaren 9an, asteazkenean, 4:30ean hasiko dira, Gaztelania eta Literaturako azterketarekin eta Espainiako Historia/Filosofiaren Historiako azterketarekin, zeina 11:45ean hasiko baita. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Atzerriko Hizkuntzako azterketa egingo dute.

Ekainaren 5an, ostegunean, egingo diren probak goizeko 8:30ean hasiko dira, Euskal Hizkuntza eta Literaturako azterketarekin. 10:45ean, Biologiako, eta Grezierako azterketak egingo dira, eta 13:00etatik aurrera Fisika, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika eta Musika Analisia II irakasgaietako azterketak egingo dira. Arratsaldean, azterketa 16:30ean hasiko da, Lurraren eta Ingurumenaren Zientzien azterketarekin eta Artearen Historiako azterketekin, eta Latinekoak eta Marrazketa Teknikokoak 18:45ean hasiko dira.

Probak ostiralean, ekainaren 7an, bukatuko dira, eta egun horretan 8:30etik aurrera, Matematika, Geografia eta Adierazpen Teknikak irakasgaietako azterketak egingo dira. 10:45ean, Diseinua, Kimika, eta Musikaren eta Dantzaren Historia irakasgaietakoak egingo dira, eta 13:00etan, berriz, Industria Teknologia, Enpresaren Ekonomia eta Ikus-entzunezkoen Kulturako azterketak hasiko dira. Azkenik, azterketak arratsaldean bukatuko dira Literatura Unibertsalarekin eta Elektrotekniarekin, eta Marrazketa Artistikoarekin. Azterketa horiek guztiak 17:00etan hasiko dira.