Joan eduki nagusira

Lorenzo Silva idazlea Nafarroako Unibertsitate Publikora etorriko da astelehen honetan, ekainaren 2an, eta topaketa bat edukiko du unibertsitateko komunitatearekin. Ekitaldia 12:00etan izango da Arteak eraikineko Ada Byron aretoan, eta Zientzia Juridikoen Fakultateko Literatura eta Zuzenbidea Programaren barruan antolatu da. Halaber, ekitaldi horretan programa honetako ikasleen lehen promozioari diplomak emango zaizkio. Sarrera doan da.

Lorenzo Silvak (Madril, 1966) hainbat sari jaso ditu bere idazle-ibilbidean, eta bere liburuak hamar hizkuntzatara itzuli dira. Gainera, Silva zuzenbidean lizentziaduna da Unibertsitate Konplutentsean, eta ia hamar urtez abokatu-lanean aritu zen energiaren arloko enpresa handi batean.

Bere nobelen artean, aipatzekoak dira: "La flaqueza del bolchevique" (Nadal Sariko finalista 1997an), "Noviembre sin violetas", "La sustancia interior", "El urinario", "El ángel oculto", "El nombre de los nuestros", "Carta blanca" (Primavera Saria 2004), "Niños feroces", eta "Trilogía de Getafe" deiturikoa, honako liburu hauek osatzen dutena: "Algún día, cuando pueda llevarte a Varsovia", "El cazador del desierto" eta "La lluvia de París".

Bevilacqua eta Chamorro ikertzaileak protagonista dituen polizia-sailaren egilea da. Sailari hasiera eman zion "El lejano país de los estanques" nobelak (Ojo Crítico Saria 1998) eta ondoren etorri ziren "El alquimista impaciente" (Nadal Saria 2000), "La niebla y la doncella", "Nadie vale más que otro", "La reina sin espejo", "La estrategia del agua" eta "La marca del meridiano" (Planeta Saria 2012). Aipatzekoa da joan den urtean La Brújula Saria lortu zuela Suad nobelarekin.

2008an "El Derecho en la obra de Kafka" saiakera idatzi zuen, eta 2010ean "Sereno en el peligro. La aventura histórica de la Guardia Civil" (Saiakerako Algaba Saria). Halaber, "El déspota adolescente" kontakizun liburuaren eta "Del Rif al Yebala. Viaje al sueño y la pesadilla de Marruecos" bidaia liburuaren egilea da. 2006an "Y al final, la guerra" espainiar armadak Iraken izan zuen esku-hartzeari buruzko liburu-erreportaje bat argitaratu zuen Luis Miguel Franciscorekin batera.
Bere lanak frantsesera, alemanera, italierara, katalanera, portugesera, danierara, txekierara, arabierara eta ingelesera itzuli dira.

Hainbat komunikabidetan kolaborazioak idazten ditu, eta haietan erreportajeak, literaturari buruzko artikuluak, bidaia eta iritzi artikuluak idazten ditu. Artikulu hauek XLSemanal aldizkarian, Vocento taldeko eta El Mundo egunkarian argitaratzen ditu.