Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko titulazioetarako sarrera berriko 1.825 ikaspostu eta unibertsitate masterretako 1.235 ikaspostu eskainiko ditu osotara 2014-15 ikasturterako. NUPeko Gobernu Kontseiluak onetsi ditu titulazio guztietara sartzeko mugak eta ikaspostuak erreserbatzeko kupoak, eta orain Nafarroako Gobernuari igorri zaio erabakia, behin betiko onets dezan.

Ikaspostu eskaintza eta aurtengo ikasturteko eskaintza ia berberak dira. Ikastegien arabera, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa izango da ikaspostu berri gehien edukiko duena, 520 edukiko baititu osotara. Ondoren Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea dator, 450 ikasposturekin; Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, 370 ikasposturekin; Zientzia Juridikoen Fakultatea, 175 ikasposturekin; Osasun Zientzien Fakultatea, 160rekin; eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa, 150 ikasposturekin.

Ikasposturik gehien eskaintzen dituen gradua Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua da, 280 ikasposturekin; horietatik 40 Zuzenbidea eta EAZko Gradu Bikoitzari dagozkio, eta 25 Ekonomia eta EAZ nazioarteko gradu bikoitzari. Ondoren Lehen Hezkuntzako Irakasle Gradua dator, 180 ikasposturekin, eta Industria Teknologietako Ingeniaritzako Gradua, 150 ikasposturekin. Nabarmentzeko modukoa da, baita ere, Zuzenbide Graduak eduki duen igoera, 69 ikaspostutatik 75era pasatu delako. Horiei, gainera, EAZko gradu bikoitzaren 40 ikaspostuak gehitu behar zaizkie. Aldiz, jaitsiera dago Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako Graduan, 120 ikaspostutik 80ra pasatu delako.


Erreserba kupoak


Erabaki honen bidez onetsi ditu, halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2014-15 ikasturteko ikaspostuen erreserba kupoak. Zehazki, ikaspostuen % 3 erreserbatuko dira 25 urtetik gorakoentzat, 45 urtetik gorakoentzat, lan-esperientzia eta esperientzia profesionala dutela egiaztatzen duten 40 urtetik gorakoentzat, goi mailako eta errendimendu handiko kirolarientzat, titulazio guztietan (Fisioterapian izan ezik), eta unibertsitateko titulazioa edo horren baliokidea duten ikasleentzat. Fisioterapia Graduan sartzeko, ehuneko hori % 5era igoko da ezgaitasuna duten pertsonen eta goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien kasuan.


Unibertsitateko masterretako ikaspostuak


2014-15 ikasturtean emango dituen 33 unibertsitateko masterretarako eskaintza ere onetsi du Gobernu Kontseiluak. 1.235 ikaspostu dira osotara. Kasu honetan, eskainitako ikaspostuen kopurua asko igo da, nekazaritza ingeniari baten lan profesionala egiteko gaitzen duten zenbait unibertsitate master berri ezarri delako. Zehatz esateko, hauek dira: Unibertsitate Masterra Nekazaritza Ingeniaritzan (30 ikaspostu), Unibertsitate Masterra Industria Ingeniaritzan (120 ikaspostu), Unibertsitate Masterra Informatikako Ingeniaritzan (50 ikaspostu) eta Unibertsitate Masterra Telekomunikazio Ingeniaritzan (40 ikaspostu).