Mundu osoko hainbat espezialista eta ikertzailek parte hartuko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan Osasun Ekonomiari buruzko XXXIV. Jardunaldietan. Honako hau da jardunaldien izenburua: "Ebaluazioan oinarritutako erabakiak: ipuina edo desideratuma? Osasun Ekonomiaren Elkarteak antolatu du topaketa, eta maiatzaren 27tik 30era arte egingo da Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan. Gaurkotasuneko gaiak aztertuko dira, hala nola osasun zerbitzuak kudeatzeko ereduak, epe luzeko zainketak eta gaixotasun kronikoak, tabakismoari aurrea hartzea eta mendekotasuna dutenei laguntzea.
Jardunaldiak astearte honetan aurkeztu dira, maiatzak 27, prentsaurrekoan. Bertan izan dira Eduardo Sánchez Iriso, Osasun Ekonomiari buruzko XXXIV. Jardunaldien batzorde antolatzaileko burua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Saileko irakaslea, eta Toni Mora, topaketaren batzorde zientifikoaren burua eta Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko irakaslea.
Kudeatzaileen, osasun arloko profesionalen eta ikertzaile akademikoen arteko elkarrizketa baten bidez, gaur egungo aurkako egoera ekonomikoan osasun zerbitzuak kudeatzeak dakarren erronka aztertuko dute jardunaldietan, bai eta hala esparru publikoan nola esparru pribatuan erabaki egokienak hartu ahal izateko osasun politiken ebaluazioak duen garrantzia ere.
Hain zuzen, Osasun Ekonomiaren Elkartearen helburua da osasun kudeaketa hobetzen laguntzea, independentzia eta zorroztasun profesionalaz egindako azterketa eta proposamen zehatzen bidez. Erakunde hau 1985ean eratu zen formalki, baina 1980an hasi zen lanean. Egun, AESek 700dik gora profesional biltzen ditu hainbat esparrutan, hala nola ekonomia, fiskalitatea, kudeaketa, osasun administrazioa edo farmaziakoa, ebaluazio ekonomikoa eta estatistika.
I. Elkartasun Lasterketa
Jardunaldi hauekin batera, arratsalde honetan, I. Elkartasun Lasterketa egingo da Iruñean (CarrerAES). Gaixotasun Arraroen eta Ez Oso Ohikoen Taldearekin (GERNA) batera antolatu da ekitaldi hori. Lasterketa 20:30etik aurrera egingo da hiriko kaleetan. Raúl Amatriain Victory Endurance taldeko atleta izango da kirol eta elkartasun ekitaldi honen 'aitabitxia'. Lasterketaren irteera eta helmuga Iruñeko Antoniutti parkean egongo da, eta ibilbideak bost bat kilometro izango ditu. Zati handiena errepidean izango da, galtzadarrizko zoladun zati txikiekin tartekatuz.
Irteeraren gunetik gertu dagoen leku bat egokituko da lasterketa hasi baino bi ordu lehenagotik, eta inskripzio kuota 5 eurokoa izango da parte-hartzaile guztientzat. AESek lasterkari bakoitzaren inskripzio kuota ia osoa –euro bat kenduko zaio– emango dio Nafarroako Gaixotasun Arraroen eta Ez Oso Ohikoen Taldeari.
Lasterketan parte hartu gabe GERNAri elkartasuna adierazi nahi diotenek 4 euroko dohain bat egiteko aukera izango dute ‘zero zenbaki solidarioaren’ inskripzioen bidez, eta dohain hori irabazi asmorik gabeko erakunde honi emango zaio osorik.
GERNA 2012an sortu zen, eta ohikoak ez diren gaixotasunak dituztenen alde dihardu borrokan, eta gaixo horien bizi kalitatea hobetzea du helburu, bai eta beren senitartekoei beharrezkoa den informazioa ematea ere.
AESek GERNArekin batera antolatu duen lehen elkartasun lasterketa hau ongintzako proba bat da batez ere, eta ez lehiakorra. Sailkapen bat egingo da soilik, eta gizonezkoen eta emakumezkoen mailetan lehenengo hiru postuetan sailkatuek garaikur bat jasoko dute oroigarri gisa. Desgaitasuna dutenen mailan lehen postuan sailkatu diren gizonak eta emakumeak ere sari bat jasoko dute.