Joan eduki nagusira

2013-14 ikasturtean titulua erdietsiko duten ikasleei zuzendutako nazioarteko praktiken Erasmus+ programan inskripzioa egiteko epea ireki du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Deialdia Campus Iberus unibertsitateetako ikasle guztiei zuzendua dago. NUP partzuergo horretako kidea da, eta eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 30ean amaituko da. Prestakuntza praktikek 5 hilabeteko iraupena izango dute gehienez ere, eta 2015eko irailaren 30a baino lehen egin beharko dira. Inskripzioa NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren atariaren bidez egin behar da, fundazio hori arduratzen baita programa kudeatzeaz.

Erasmus+ Europar Batasunaren mugikortasun programa bat da. Goi mailako hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta beren trebetasun eta gaitasun pertsonal eta profesionalak hobetzen laguntzea du xede, bai eta lehiakortasun eta enplegagarritasun handiagoa izan ditzaten laguntzea ere. Deialdia 2013-2014 ikasturtean Gradu, Unibertsitateko Master edo Doktoretzako titulazioetan matrikulatu diren eta aurten beren ikasketak bukatzen dituzten Campus Iberuseko lau unibertsitateetako ikasleei zuzenduta dago.

Erasmus+ Programaren prestakuntza praktiketako egonaldi batek 5 hilabeteko iraupena dauka batez beste, eta 2014ko irailetik 2015eko irailera bitarteko aldian egin behar da. Titulazioa 2014ko ekainean bukatzen dutenek 2015eko ekainerako bukatu behar dute praktiketako egonaldia.

EBak emango dien bekak soilik hiru hilabete estaltzen ditu, eta, herrialde hartzailea zein den, hileko 300 eta 400 artean dabiltza. Eskaintza bakoitzean zehaztuko da erakunde hartzaileak ere aldi berean finantzatuko duen. Nolanahi ere, erakunde hartzailearen parte-hartzea ez da nahitaezkoa.

Eskaintzak Campus Iberusen webean (www.campusiberus.es) jarriko dira, IBERUS+ proiektuaren esparruan, eta partzuergo honetako 4 unibertsitateetako izangai guztiek izango dute eskaintzetara aurkezteko aukera.