Nafarroako Unibertsitate Publikoak beste laguntza-pakete bat onetsi du matrikula ordaintzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat. Deialdiaren xedea da 2013-14 ikasturteko bigarren seihilekoko irakaskuntza tasen zenbatekoa finantzatzea. Laguntzak, guztira 25.000 euro egiten dutenak, NUPen matrikulatuta dauden eta graduko ikasketak eta lehen eta bigarren zikloetako titulazio zaharrak egiten dituzten ikasleei zuzenduta daude. Matrikularen zenbatekoa osorik edo zati batean ordaintzeko dira, eta bateragarriak dira beste beka batzuekin, baldin eta bien baturak ez badu inskripzio-kostuaren % 100 gainditzen. Epea heldu den maiatzaren 30ean bukatuko da, eta eskabideak NUPeko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira.
Programa honen helburua da diru-laguntza bat ematea matrikula ordaintzeko zailtasun ekonomiko larriak dituzten eta, zailtasun horiek direla-eta, unibertsitateko ikasketak uzteko arriskuan dauden ikasleei.
Deialdi honetako oinarri erregulatzaileetan eskatzen zaie diru-laguntza eskatzen dutenei egiaztatzeko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren, Nafarroako Gobernuaren edo Eusko Jaurlaritzaren beka-deialdietara aurkeztu direla, betiere deialdi horietako bakoitzean ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
Hartzaileen profila
Unibertsitatearen deialdiaren arabera, ikasle bat egoera ekonomiko larrian dago, bere bizikidetza unitateetako eusle nagusiak langabezian daudenean edo beren diru-sarrerak asko murriztu direnean. Langabezi eta gizarteratze sariak edo beste batzuk jasotzen dituzten familia-unitateetako kideak diren ikasleak ere egoera ekonomiko larrian daudela jotzen da. Azkenik, oinarrietan ezarritakoaren arabera, goiko egoeren astungarriak dira aitaren, amaren edo bien heriotza; aitaren, amaren edo familiako beste kide batzuen osasun arazoak, betiere ikaslea lan merkatura sartzea oztopatzen badute; mantenu saririk jasotzen ez duten familia gurasobakarrak; edo etxebizitza dela-eta egiten diren kaleratzeak.
Eskaerak NUPeko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira. Eskaera aurkeztu eta gero, eskatzaileak Gizarte Ekintzarako Unitatearekin jarri behar du harremanetan, eta aipatu Unitateak aztertu eta balioetsiko du diru-laguntza eskaera bakoitza. Deialdiaren oinarriak hemen daude: www.unavarra.es.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak sistema berri bat jarri du abian 2013-14 ikasturterako. Sistema horren bidez, titulazio ofizialetako ikasleek matrikula lau epetan ordainduko dute. Ekimen honen helburua da ikasleei eta beren familiei erraztasunak ematea gradu, master eta lehengo zikloetako titulazioak ordaintzeko. Ordainketa epetan egiteko aukera horri gehitzen zaio Unibertsitateak finantzaketa formula bat sustatu duela banku batzuekin, matrikula baldintza berezi batzuekin ordaintzeko.