Joan eduki nagusira

zoom Irudi honetan, Tordesillas Taldeko Erizantza Programako ordezkariak, Arrosadiko campusa bisitatu zutenean.

Irudi honetan, Tordesillas Taldeko Erizantza Programako ordezkariak, Arrosadiko campusa bisitatu zutenean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa proiektu bat prestatzen ari da, Erizaintza Arloko Doktoretza Ikastetxe bat egiteko, Espainia, Brasil eta Portugaleko unibertsitateekin. Proiektua Tordesillas Taldeko Erinzaintza Programaren (TTEP) lan-ildoetan txertatzen da, hiru herrialde horietako unibertsitateen parte-hartzearekin. Gaur eta bihar lan-topaketa bat egiten ari dira NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean.

Tordesillas Taldea unibertsitate iberoamerikarrek osatutako sare akademiko bat da. Bere helburua da lankidetza bultzatzea zientzia eta teknologiaren alorretan, arreta berezia jarriz lankidetza zientifikoan eta hezkuntza-lankidetzan. 2000. urtean sortu zen, Brasil, Espainia eta Portugaleko Errektoreen I. Topaketan, Tordesillasen (Valladolid) egin zena, Brasilen deskubrimenduaren 500. urteurrena ospatzeko. Gaur egun 55 unibertsitate dira taldeko kide. Horietatik 29 Brasilgoak dira, 18 Espainiakoak eta 8 Portugalekoak.

Atzotik, astelehenetik, Tordesillas Taldeko Erinzaintza Programa (TTEP) lan-topaketa bat egiten ari da Iruñean. Topaketa horretan eztabaidatzen ari dira, beste hainbat konturen artean, Erizaintza Arloko Doktoretza Ikastetxe bat sortzeko araudia, taldearen definizioa eta egin beharreko hitzarmenaren ezaugarriak. Ikastetxeraren egoitza Portugalen egongo da.

Kideek garatu nahi dute, Tordesillas Taldearen barruan, dagoeneko nazioartean badagoen eta ezaguna den kontzeptu bat, elkarteak sortzeko eta doktoretza ikastetxeak diseinatzeko eraginkorra dena. Hori guztia graduondoko ikasketen eremuan, orokorrean hitz eginda, eta doktoretza ikasketen eremuan, zehatzago, eta helburu honekin: Tordesillas Taldeko unibertsitateen sail edo erakundeetako ikerketa-taldeen arteko lankidetza akademiko-zientifikoa sortzea eta bultzatzea, eta beren ikasleen eta irakasleen mugikortasuna sustatzea.

Erakundeen arteko elkartze honek jarduera hauek hartuko zituen aintzat, beste batzuen artean: ikasleen mugikortasuna, prestakuntzakoa eta ikertzekoa, doktoretza tesien tutoretza partekatuak, eta doktoretzak elkarrekin emateko eta garatzeko aukera, betiere gaur egun nabarmenak diren gai espezifikoetan.
 

Erizaintza prestaketa Iberoamerikan


Javier Casalik, Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak, hasiera eman zion atzo lan-topaketa honi. Gaur arratsaldean amaituko da, eta bertan "Erizaintza prestaketa Iberoamerikan: TTEPren analisia" azterketaren gaineko txosten bat aurkeztu da. Azterketako gaia da erizaintzaren historia Iberoamerikako hainbat herrialdeetan (Espainia, Portugal eta Brasil), eta prestakuntza profesionalaren prozesuaren egoera osasunaren arlo honetan, betiere Tordesillas Taldeko aipatu Programako kide diren erakundeetan.

Honela, TTEPk espero du Iberoamerikako erizaintza profesionalak prestatuko dituen erakunde-sare bat tinkotzen laguntzea. Profesional horiek, eremu akademikotik hasita, erizaintzaren kalitateaz, eredu pedagogikoez, curriculum-egiturez eta graduko eta graduondoko etorkizuneko prestakuntza-espektatibez gogoeta egingo dute, prestakuntza-esperientziak partekatu eta aberasteko bidea ematen duen dinamika baten barruan.