Nafarroako Unibertsitate Publikoko industriaren eremuko ingeniaritzetako hamabost ikaslek erronka batean parte hartuko dute azaroan Miarritzen (Frantzia) Frantziako eta Nafarroako beste unibertsitate batzuetako ikasleekin, Pirinioen bi aldeetako zenbait enpresak proposatzen dituzten ideiak garatzeko xedez. Eraikuntzarekin eta ingeniaritzarekin lotutako erronka hori zabalik dago ekimen honetan parte hartu nahi duten Foru Erkidegoko enpresentzat.
Hainbat unibertsitatetako ingeniaritzetako eta arkitekturako diziplina anitzeko hamar ikaslez osatutako taldeek, ezarritako denbora batez, lan egingo dute errehabilitazioarekin eta/edo BIMarekin lotutako gai batean, (BIM Eraikuntzarako informazioaren modelatuaren ingelesezko siglak dira, eraikinari buruzko datuak sortu eta kudeatzeko prozesu bati dagozkio eraikinaren bizi-zikloan zehar). Enpresak izango dira proiektu horiek garatzeko proposamena egingo dutenak, ikasleek irtenbide berritzaileak aurki ditzaten. Unibertsitateak, enpresak eta ikerketa zentroak bilduko dituen mugaz gaindiko epaimahai batek erabakiko du zein den talde irabazlea.
Ekimena, “24 ordu berrikuntza – 48 ordu BIM” izenekoa, Eskal Eureka frantziar enpresen klusterrak antolatu du, eta beste entitate batzuen artean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Unibertsitateak berak mantentzen duen Industria Ingeniarien Elkargoko Katedraren eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren laguntza dauka.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan, hain zuzen ere, bi eguneko prestakuntza ikastaro bat egingo da erronkan parte hartuko duten ikasle guztientzat (nafar zein frantses).
Ekimenaren aurkezpena
Ekimena ezagutzera emateko xedez, aurkezpen ireki bat egingo da interesa duten enpresa eta unibertsitateko ikasle guztientzat, heldu den astelehenean, maiatzaren 19an, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolan, 10:00etatik aurrera. Ana Guevara ingeniari eta Eskal Eureka klusterreko eraginkortasun energetikoari buruzko proiektuen buruak azalduko du zertan datzan Innobaten esparruan egingo den azaroko erronka. Innobat eraikuntzari eta herri-lanei buruzko azoka bat da, aipatu hilabetearen 6tik 8ra Miarritzen 19. edizioa beteko duena. Iaz 120 erakusle eta 5.000 profesionalen bisita izan zuen.