Nafarroako Unibertsitate Publikoa Espainiako erangikorrenen artean dago, goi mailako hezkuntzako zentro publiko guztiak kontuan hartuta, BBVA Fundazioak eta IVIE institutuak egin duten azterketa baten arabera. Txosten honetan, bigarren urtez jarraian, Espainiako 48 unibertsitate publikoen emaitzen bolumena eta produktibitatea aztertzen dira. Txostenak dio zentro garrantzizkoenak biltzen dituzten erkidego autonomo handietako unibertsitateek baizik ez dituztela gainditzen NUPen mailak. Hiru erkidego horiek honako hauek dira: Katalunia, Madril eta Valentzia.
BBVA Fundazioak eta Ikerketa Ekonomikoen Valentziar Institutuak (IVIE), 2013an, martxan jarri zuten Espainiako unibertsitate publikoen sailkapen bat, unibertsitateak beren emaitzen eta produktibitatearen arabera sailkatzeko. Proiektua BBVA Fundazioak eta IVIE institutuak batera garatutako ikerketa programa zabalago baten barnean sartzen da. Programa horrek unibertsitatearen zeregina eta, oro har, ezagutzaren zeregina aztertzen ditu hazkunde ekonomikoaren iturri diren aldetik. Azterketaren egileen asmoa da ranking hau tresna erabilgarri bihurtzea goi mailako hezkuntzako zerbitzuak erabil ditzaketen erabiltzaileak orientatzeko, eta unibertsitateek I+G+b sortzeko duten gaitasuna zein den ezagutzeko, interesa duten enpresa eta erakundeei informazioa emateko.
U-Ranking-ek sortutako sailkapenak unibertsitate bakoitzak dituen emaitza-kopuruaren eta produktibitatearen arabera sailkatzen ditu unibertsitateak. Produktibitateari dagokionez, emaitza horien eta unibertsitate bakoitzaren tamainari erreparatzen zaio, datu horiek alderagarriagoak izateko. U-Ranking-ek emandako adierazleen bidez unibertsitate bakoitzak zein toki duen jakiten da irakaskuntza-jardueretan, ikerketa-jardueretan eta berrikuntza eta garapen teknologikoko jardueretan, aipatutako bi aldagaietarako: emaitza-kopurua eta produktibitatea.
Kopurua eta produktibitatea
Erkidego autonomoetako unibertsitate sistemek ezberdintasun handiak dituzte, emaitzen bolumenari dagokionez, eta horren arrazoiak tamaina ezberdintasuna eta produktibitatea dira, besteak beste. U-Ranking proiektuaren emaitzek erakusten dute Madril, Bartzelona eta Valentziako bederatzi unibertsitatek osatutako talde baten buruan daudela, bai produktibitateari dagokionez, baita emaitzen-bolumenari dagokionez ere . Honek baieztatzen du zer garrantzizkoak diren hiru metropoli-eremu horiek ezagutza sortzeko. Era berean, azterketak nabarmentzen du hiru unibertsitate txikiagoren eraginkortasun-maila. Hiru hauena: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Kantabriako Unibertsitatea eta Balear Uharteetako Unibertsitatea.
Joan den urtean aurkeztu zuten txostenean gertatu zen bezala, eta haren tamaina txikiaren ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak emaitza hobeak dauzka produktibitatean emaitzen bolumenean baino. Zehatz esateko, produktibitatearen sailkapenean, non irakaskuntza, ikerketa eta berrikuntza kontutan hartzen baitira, NUP goiko taldean dago, beste unibertsitate hauekin batera: Konplutentsea, Alcalá de Henaresekoa, Kordobakoa, Zaragozakoa, Santiagokoa eta Lleidakoa. Emaitzarik onenak irakaskuntzan, eta berrikuntzan eta garapen teknologikoan dauzka.