Joan eduki nagusira

zoom Silvia Larumbe Abuin

Silvia Larumbe Abuin

Silvia Larumbe Abuinek ura deskutsatzeko prozesua errazten duen nanoegitura mota bat garatu du bere doktoretza-tesian. Nanoegiturak (tamaina mikroskopikoko partikulak, nanometro 1etik 100 nanometrora bitartekoak) nitrogenoa daukan titanio oxidoz gaineztatuak daude. Horri esker erradiazio ultramorearen ordez eguzki-argiak hasten du erreakzio kimikoaren eta kutsagaien suntsipenaren prozesua. Horrez gainera, partikulen nukleo magnetikoari esker, behin prozesua burutu eta gero, berreskuratu eta berriz erabil daitezke.

Silvia Larumberen tesiaren izenburua “Síntesis, caracterización y aplicaciones de nanoestructuras basadas en óxidos de metales de transición” da. Cristina Gómez Polo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisika Saileko katedradunak zuzendu du, eta Bikain cum laude kalifikazio handiena lortu du.

Garatu den ikerketaren oinarria fotokatalisia izeneko fenomenoa da: argiak katalizatzaile gisa aritzen den substantzia batean intziditzen duenean, erreakzio kimikoaren abiadura handiagotzen da. Kasu honetan, argiari esker titanio oxidoa aktibatzen da, eta uraren kutsatzaile organikoak suntsitzen dituzten hainbat erradikal oxidatzaile osatzen dira, hala nola koloratzaileak, disolbatzaileak, detergenteak, etab. Lanaren egileak azaldu duenez, "sistema iraunkor bat da, ur zikinen hainbat tratamenduren alternatiba gisa erabil daitekeena, eta, zehazki, kutsatzaile jakin batzuk desagerrarazteko".

zoom Metilo laranja-koloredunaren disoluzio baten dekolorazioa argi ultramorearekin egindako irradiazioaren eta nanoegitura hibridoen eraginaren bidez. Azken irudian, imanaren aplikazioa nanoegiturak berreskuratzeko.

Metilo laranja-koloredunaren disoluzio baten dekolorazioa argi ultramorearekin egindako irradiazioaren eta nanoegitura hibridoen eraginaren bidez. Azken irudian, imanaren aplikazioa nanoegiturak berreskuratzeko.

Garapen honek dituen abantailen artean dago argi ultramorearen ordez eguzki-argia erabiltzeko aukera. "Partikulen estaldurari nitrogenoa gehituz lortzen duguna da eguzki-argia izatea, eta ez erradiazio ultramorea, prozesua abiarazten duen mekanismoa, eta alternatiba hori eskuragarriagoa eta merkeagoa da, eta ez hain arriskutsua".

Tamaina nanometrikoko egiturak erabiltzeak gaitasun fotokatalitikoa ere hobetzen du, fotokatalizatzailearen gainazala handiagoa baita. Beste abantaila bat da elementu katalizatzailearen berrerabilera, zeren, nanoegiturak, nukleo magnetiko batez osatuak daudenez, kanpoko eremu magnetiko bat aplikatuz berreskuratu baitaitezke.

Silvia Larumbe Kimikan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, UNEDen zientzia eta teknologia kimikoko masterra egin zuen eta NUPeko Fisika Sailean lortu du bere doktoretza. Nazioko eta nazioarteko hogeitik gora biltzarretan parte hartu du, hamabi ikerketa-artikuluren egilea da eta hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du ere bai.