Roger Campione Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zuzenbide Publikoko Sailaren Zuzenbidearen Filosofiako irakasle titularra da, eta joan den apirilaren 14an hitzaldi bat eman zuen Florentziako Unibertsitatean, zeinean esan baitzuen "gerra justuaren" doktrinak, historian zehar eta are gehiago gaur egun, balio izan duela zilegi ez ziren ekintza armatuak moralki justifikatzeko, potentzia nagusien interesak eta beren hegemonia-nahia babesteko.
NUPeko irakasleak Giza Eskubideen Teoria eta Historiako Nazioarteko Doktoretzaren eremuan hitz egin zuen, eta bere hitzaldiaren izenburua "Gerraren nomosa. Gerra justuaren genealogia" izan zen. Roger Campionek gai horri buruz argitaratu duen liburuak ere izenburu hori bera dauka (Tirant lo Blanch, 2009).
Jura Gentium nazioarteko zuzenbidearen eta politika globalaren Filosofia Zentro ospetsuak antolatu zuen ekitaldia (www.juragentium.org), eta bere hitzaldian zehar, Campione irakasleak "gerra justua" kontzeptuaren alderdi historiko eta juridikoak jorratu zituen. Paolo Cappellini, Florentziako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoa, arduratu zen ekitaldiaren aurkezpenaz, eta Lucia Rek, Jura Gentium – Journal of Philosophy of International Law and Global Politics delakoaren zuzendariordeak egin zuen liburuari buruzko sarrera-hitzaldia.
Hitzaldia eta gero eztabaida bat izan zen, Florentziako irakasle eta ikasleekin, eta eztabaida horretan Ana Aldavek ere parte hartu zuen. Ana Aldave NUPeko doktoretza aurreko bekaduna da Zuzenbidearen Filosofiaren Arloan, eta doktoretza tesia egiten ari da gatazka armatuei eta nazioarteko terrorismoari buruz.