Bi urte igaro dira "Hezkuntzaren esparruan gastu publikoa razionalizatzeko presako neurriei" buruzko 14/2012 Legegintzako Errege Dekretua onetsi zenetik. Arau horrek Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatu zuen, eta hainbat gai garrantzitsutan izan zuen eragina, hala nola prezio publikoak eta irakaskuntza jardueraren antolaketan. Ondoren etorri diren aurrekontu-arauek lansari, lan eskubide eta enplegatu publiko guztien aukera profesionaletan izan dute eragina, eta, beraz, unibertsitatekoetan ere bai.
Bekei buruzko errege-dekretuek bekak aldatu dituzte, eta eskubide izatetik laguntza izatera igaro dira. Laguntza horiek lortzeko lehiatu egin behar da, eta irakaskuntza-betekizunak gogortu egin dira, gehien behar dituztenen kalterako. Erasmus laguntzek ere gogortu egin dituzte laguntzak emateko irizpideak azken bi urteetan.
Ikerketan, aurrekontu txikiagoak eta Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidego batzuetako gobernuek aplikatutako deialdien segidak ikerketa-talde askorentzat konpondu ezinezko ondorioak dituen benetako murrizketa bat eragin dute. I+G+b inbertsiotzat jo beharrean gastutzat jotzea ez dator bat herrialde aurreratuenen politikarekin.
Errektoreok uste dugu bereziki mingarriak direla eta nekez justifikatzen direla, duten eragin ekonomiko txikiagatik, gazteei eragiten dieten neurriak. Graduen prezio publikoen igoerak, eta, haien oso gainetik, masterren prezio publikoenak, eragina dauka gure gazteen prestakuntza-aukeretan, enplegurako bereziki txarra den une batean. Irakaskuntza lanbiderako sarbidea itxita dute, birjartze tasa desegokiek uzten dituzten zirrikituak salbu. Tasa horiek unibertsitateko irakasleek beren irakaskuntza karreran dituzten aukerak murrizten dituzte, eta irakaskuntzan eta ikerketan etengabe hobetzeko motibazioa hondatzen dute. Arauek ezarritako mugak direla-eta irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillak unibertsitate, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa lanerako desegokiak diren behin-behineko lanpostu ez-egonkorrez bete dira. Gobernuak berak lanpostu horietako batzuen aurkako errekurtsoak aurkeztu ditu.
14/2012 EDan ezarritakoaren arabera, neurriak ohiz kanpokoak ziren eta uneko egoera ekonomikoa izan zen neurrien zuribidea. Espainian egoera ekonomikoak hobera egingo duela dioten baieztapenen aurrean, ezartzen diren aurrekontu-irizpideen esparruan arrazoizko aurrezte eta kudeaketa eraginkor eta zorrotz batetik harago doazen neurriak kentzeko eskatzen dugu.
Unibertsitateetako matrikularen prezio publikoek denen eskura egon eta arrazoizkoak izan behar dute prestakuntza-maila guztietan. Bekek eta laguntzek zuzentasunaren berme izan behar dute berriz ere. Unibertsitateek irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduera kudeatzeko autonomia izan behar dute berriz ere. Unibertsitateek ahalmena izan behar dute beren plantillak era ordenatuan taxutzeko beren errealitatera eta plangintza estrategikora egokitutako berritze- eta promozio-formulen bidez. Ikerketa eta berrikuntza lagundu behar dira berriz ere, hazkunde bide batera itzultzeko. Hazkunde horrek ezagutza eta espezializazio adimendun eta iraunkorrean oinarritu behar du, eta talentuen galera saihestu eta eman den prestakuntza aprobetxatu behar du.
Espainiako unibertsitateek, Europako unibertsitate guztiek bezala, bere sistema egokitu behar du bere egiturak eta funtzionamendua modernizatzea eskatzen duen errealitate sozial eta ekonomiko batera. Egokitzapen hori burutzeko, adostasun sozial eta politiko zabal bat lortu behar da. Adostasun hori lortzeko nahitaez eman behar den lehen urratsa da unibertsitateen irakaskuntza eta ikerkuntza bizitzan normaltasuna berreskuratzea. Helburu horiek erdiesteko denok parte-hartu behar dugu –gizarte-eragileek, gobernuak, autonomia-erkidegoek eta unibertsitateek–, eta Espainiako gizartearen onerako lortu behar dugu.