Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioarteko mugikortasuneko 326 ikaspostu esleitu ditu, guztira, 2014-15 ikasturtean. Horietatik, 270 Erasmusekoak dira, eta gainerakoak programa hauetakoak: Palafox (Hegoamerika), Martín de Rada (Asia), aldebiko hitzarmenak, ISEP USA eta ISEP Nazioartekoa. Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako Errektoreordetzak hasi ditu gaur, apirilaren 28an, astelehenean, bilerak aukeratutako ikasleekin, azaltzeko zer egin behar duten helburu-herrialdeko egonaldi akademikoak hasi arte. Zerrenda NUPeko web-orrialdean dago ikusgai.

Deialdiaren helburua da NUPeko ikasleak aukeratzea nazioarteko mugikortasuneko programetan parte hartzeko. Honi esker, beren ikasketen parte bat atzerriko unibertsitate batean egin ahalko dute, eta ikasketa horien aitortza emango zaie. Gutxieneko egonaldia sei hilabetekoa da, eta ezin dira ikasturte bat baino luzeagoak izan.

Parte hartu duten ikasleek Gradu, Lehen Ziklo edo Bigarren Zikloko ikasketa ofizialetan matrikulatuta egon behar dute, eta egiten ari diren titulazioko kreditu-kopuru jakin bat gaindituta eduki behar dute. Gainera, trukea egiteko unibertsitateak eskatzen duen hizkuntzaren maila egiaztatu behar dute, dela tituluarekin, dela mailaketa-proba bat gaindituz. Batzorde batek balioetsi ditu eskaerak, eta zerrenda bat onartu du titulazio bakoitzeko, izena eman duten ikasleen ikasketa-espedientea kontuan hartuta.

Hurrengo ikasturtean, programa guzietara ikaslerik gehien bidaliko dituzten titulazioak honako hauek dira, hurrenez hurren: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua, 36 ikasposturekin, Lehen Hezkuntzako Irakaslearen Gradua, 27rekin, eta Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako Gradua, beste 27rekin. Ondoren datoz Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua, eta Zuzenbideko Gradua, 25rekin, eta Erizaintza Gradua, 24rekin.

Datorren ikasturteko deialdiak masterretarako hainbat mugikortasun ikaspostu dauzka, 2014-15 ikasturteko seihileko batean egin beharrekoak. Zehatz esateko, Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologian eta Kalitatean Unibertsitate Masterreko ikaspostu bat, eta Ingeniaritza Biomedikoko Masterreko hiru esleitu dira.