Nafarroako Unibertsitate Publikoko hirurogei irakaslek "Irakaskuntza arloko ikasleek egindako plagio eta ziberplagioa: nola dagoen kontua, azken azterketak eta plagioaren aurkako tresnak" ikastaroan parte hartu dute. Ikastaroa duela gutxi egin da Arrosadiko campusean Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiaren eta Liburutegiko Erreferentzien Bulegoaren ekimenez.
NUPeko Manuel Ruiz de Luzuriaga Liburutegiko Erreferentzien Bulegoa eta Kartotekako teknikariak eman zuen ikastaroa, eta parte-hartzaileak irakaskuntza-lanetan egiten diren plagio tipologiak ezagutu zituzten, eta fenomeno honen bilakaera ziberplagioraino teknologia berrien arrastoan. Teknologia berriek asko errazten dute kopia elektronikoa egitea eta informazio pila bat eskuratzea, eta iruzurrezko jokamoldeak detektatzea zailtzen dute, informazio aukera eta aniztasunagatik.
Beste norbaiten informazioak eta ideiak norberaren lanean erabiltzeko modu egokia ere aztertu zen. Ekarpen horrek justifikatua egon behar du, eta iturria aipatu behar da beti, denek ezagutzen eta onartzen dituzten informazioak izan ezean.
Lanen salerosketa
Ruiz de Luzuriagak, bestalde, irakaskuntza arloko lanak Interneten bidez salerosteko merkatu gero eta handiagoari buruz hitz egin zuen. Salerosketa horiek zerikusi handiagoa dute iruzurrezko ordeztearekin plagioarekin baino, eta herrialde anglosaxoietan hedatzen ari da. Ruiz de Luzuriagak azaldu zuenez, egun kartan jarritako lanak eros daitezke, hasi Batxilergoko lan batetik eta doktoretza-tesi batera, bai eta edozein gairi buruzko saiakera bat ere, eta adibide gisa atari batzuk aipatu zituen, esate baterako www.bestessays.com. Atari horretan doktoretza tesi oso bat eros daiteke 3.000 euro baino gutxiagoren truke.
Azken jokamolde hori ikasleen artean oso hedatua ez dagoela onartu bazuen ere, hausnartzeko moduko datu batzuk eman zituen Ruiz de Luzuriagak. Esaterako, hainbat azterketaren arabera, unibertsitateko ikasleen % 4k jo du noizbait lanen salerosketara.
Bestalde, azken urteetan hainbat unibertsitatetan egindako inkestek frogatzen dute ikasleen % 94k kopiatu-itsatsi delakoa erabiltzeko ohitura duela (Zaragozako Unibertsitatea, 2008; inkestak ez du zehazten aipurik egin duten edo ez), % 69k onartzen du testu zatiak kopiatu dituela aipurik egin gabe (Balear Uharteetako Unibertsitatea, 2009), edo % 52k aitortzen du lanak egiteak hainbat iturritatik kopiatu eta itsasten duela (Oviedoko Unibertsitatea, 2012).
Plagioaren aurkako neurriak
Bestalde, Ruiz de Luzuriaga plagioaren aurkako borrokatzeko bideei buruz hitz egin zuen. Neurri multzo bat dira, eta lotuta daude arauketarekin, prestakuntza eta informazioarekin, irakaskuntza-metodologiarekin, ikasleen jarraipenarekin eta plagioaren aurkako bilaketa softwareak eskainitako teknologiarekin. Bere iritzian, neurri hauek eraginkorrak izateko, paraleloki eta modu osagarrian aplikatu behar dira, neurri horietako bakar bat ere alde batera utzi gabe.
Alde horretatik, esan zuen NUPek bere arauketa daukala, ebaluazio prozesuak arautzen dituzten arauak, eta informazio gaitasunei buruzko ikastaroak ematen ditu, ikasleei informazioa bilatzen, balioesten, aukeratzen eta zuzen erabiltzen erakusteko. Irakasleak metodologia aldatzera bultzatu zituen ikasleei lanak agintzerakoan, batzuetan hasierako orientabideak orokorregiak baitira eta plagioa bultzatzen dute. Halaber, lan horien geroagoko jarraipena egiteko eskatu zien.
Azkenik, unibertsitateek erabiltzen dituzten plagioaren aurkako hainbat software aipatu zituen. Horien artean aipatzekoak dira Euphorus eta Turnitin plataformak, eta zehaztu zuen Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia (CRUE) unibertsitate-esparru osorako aplikazio bera erabiltzeko aukera aztertzen ari dela. Etorkizuneko beste aukera bat litzateke –aipatu zuenez- aplikazio mota horiek NUPeko ikasgelategi birtualean, NireIkasgelategian, integratzea, halako eran non, lan bat aurkezten denean plagikoaren aurkako iragazkitik pasako baita onartu baino lehen.