Joan eduki nagusira

zoom Helena Crespo Otano

Helena Crespo Otano

Helena Crespo Otano andreak bere doktoretza tesian ikertu egin du nola aritzen diren hausnarkari txikien lentibirusak (SRLV), hau da, GIBen familia bereko birusak, ardi eta ahuntz espezieetan infekzioak sorrarazten dituztenak. Lentibirusak infekzio geldoak sorrarazten dituzten birusak dira, horrela immunitate-sistema hondatzen da, eta ondorioz hainbat ezaugarri kliniko sortzen dira (nerbioetan, biriketan, artritikoak eta errape-sisteman).

Bere lanean identifikatu eta ezaugarritu egin du ardien manosa hartzailea (MR), infekzio prozesuan inplikazioa duen hartzaile zelular bat, birusei utzi egiten baitie animalien zeluletan sartzen. Lentibirus hauen xede zelulak makrofago izenekoak dira. Makrofagoak gai dira kanpoan dauzkaten estimuluen arabera beren gene-adierazpena aldatzeko (horri polarizazioa esaten zaio), eta halatan organismoaren unean uneko beharretara egokitzen dute beren funtzioa. Beraz, giltzarriak dira bakoitzaren immunitate-erantzun on bat garatzeko.

Tesiak hau du izenburua: “Papel del receptor de la manosa y de la polarización de macrófagos en la infección por lentivirus de pequeños rumiantes”, Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu dute, eta Ramsés Reina Arias eta Damián de Andrés Cara Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileak izan dira zuzendariak. Helena Cresporen lanak bikain cum laude kalifikazioa izan du.

Helena Crespok dioenez, “ hausnarkari txikien lentibirusak eragiten dituen infekzioak dauzkaten artaldeetan produktibitate gutxiago dagoela ikusten da, eta, gainera, heriotza-tasa handiagoa infekzio sekundarioengatik, eta garaia baino lehenago bakantzen dira infekzioa duten animaliak, (taldetik kentzen dira). Horren guztiaren ondorioz, handiagoa da berriz jarri behar diren azienden tasa eta handiak galera ekonomikoak”.


Manosaren hartzailea


Gaur gaurkoz ez dago txertorik, ezta tratamendu eraginkorrik ere, infekzio hauen aurka. Beraz, berezko immunitatea murrizten duten faktoreen ikerketa aukera ona izan daiteke infekzio horiei aurre egiteko. “Immunitate-sistemaren zelulek, eta makrofagoak horietakoak dira, badauzkate mekanismoak infekzioari aurre egiteko. Adibidez, patogeno ereduak ezagutzeko hartzaile izenekoak dauzkate mintzean, eta horiei esker ezagutzen eta neutralizatzen dituzte ” dio ikertzaileak. Izan ere, MR izena duena (manosaren hartzailea) ate "seguru" bat izan daiteke, zenbait bakterio, protozoo, parasito eta birus, SRLV birusak adibidez, xede zelulan sartzeko, eta horrela infekzioak eta beren ondoriozko patologiak garatzeko.

Testuinguru horretan, hausnarkari txikien lentibirus infekzioari buruz orain arte ezagutzen ez ziren hainbat alderditan sakontzen du tesiak. “Ardi azienden MR genea ezaugarritu dugu, eta bere inplikazioa finkatu dugu birusaren sarreran, birusa adierazten duten zeluletan”. Lanaren egileak ikertu egin zuen zer egiten duen molekula horrek infekzioari dagozkion patologiak garatzeko. Halatan, “ MR-ren adierazpena124 laginetan analizatu ondoren, 31 animalien ehunetan, konturatu ginen manosa hartzailearen adierazpen handiagoa zegoela eragin handiena izan zuten organoetan”. Bestalde, frogatu egin zen makrofago populazio berezituak zeudela ardi eta ahuntz aziendetan, hau da, M1 (proinflamatorioa) eta M2 (antiinflamatorioa) izenekoak, eta elkarren aurkako gaitasun murriztaileak zeuzkatela lentibirusei aurre egiteko. Gainera ikusi zen infekzioak M2 polarizazioa eragiten duela, eta horrek lagundu egiten du gaixotasuna hartzeko eta garatzeko. Horrela modua egin da xede terapeutiko berriak identifikatzeko lentibirus infekzioen aurka.

Helena Crespo Otano Farmazian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitateaan, eta Bioteknologian Masterduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan. 2004tik hona Agrobioteknologia Institutuko Animalia Osasunerako taldearen partaideetako bat da. Beatriz Amorena da talde horretako zuzendaria. Agrobioteknologia Institutua zentro mistoa da, eta bere titulartasuna elkarrekin dute Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluak (CSIC), NUPek eta Nafarroako Gobernuak. Crespo doktoreak dozena bat artikulu argitaratu ditu nazioarteko hainbat aldizkaritan, eta bere tesiaren emaitzetan oinarritu diren hiru artikulu argitaratu ditu Veterinary Research aldizkarian, Albaitaritza Zientzietako lehendabiziko aldizkarian. Orobat, bere lana nazioarteko bi biltzarretan argitaratu zuten (Glasgow 2008 eta Berlin 2009), bai eta Birologiari buruzko XI. Biltzar Nazionalean ere, zeina Granadan izan baitzen, 2011. urtean.