Nafarroako Unibertsitate Publikoak 750 ikasle elkarrizketatuko ditu, beren osasun azturak eta bizimodua ezagutzeko. Ikerketa soziosanitarioko lantegi batean parte hartzen duten Soziologiako eta Gizarte Laneko Graduetako ikasleak ari dira inkesta egiten. Carlos Vilches Soziologiako irakasleak ematen du lantegia. Azterketa honetan lortzen diren datuen bidez eguneratu egingo da NUPek 2006an ikasleei egin zien osasun diagnostikoa, Unibertsitate Osasungarriaren aldeko II. Planaren oinarri gisa erabili zena.
Lantegi hau apiriletik maiatzera bitartean egingo da, eta Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordearen bidez sustatu da Unibertsitateko Soziologia Sailarekin lankidetzan. Ekimenaren helburua da ikasleek ikerketa-teknikak ikasi ahal izatea esperientzia praktiko baten bidez eta unibertsitateko komunitateak azterketa horien bidez lortzen diren datuetatik onura ateratzea. Lantegi honetan parte hartzen duten zazpi ikasleak Gizarte Laneko eta Soziologiako Graduetako hirugarren eta laugarren ikasmailetan daude.
Inkesta apirilaren 4tik 14ra egin zitzaien ikasleei, genero, ikastegi, karrera eta adinaren araberako estatistika-errepresentazio bat kontuan hartu duen lagin baten bidez. Aukeratutako ikasleek galdetegi bati erantzun behar izan diote; ikasgelan eman zaie eta idatziz bete dute, eskola hasi baino lehen edo amaitu ondoren, betiere irakasgai bakoitzaren arduraduna den irakaslearen aldez aurretiko adostasunarekin.
Ikerketa soziosanitarioko lana hiru atal nagusitan banatu da: bizimoduak, aztura osasungarriak eta sexualitatea. Galdetegiaren parte bat 2006ko inkestan erabilitako bera da. Beraz, ikasleen portaeraren bilakaera-analisi bat egiteko aukera emango du.
Lantegian parte hartzen duten ikasleek maiatz bukaera arte dute inkesten bidez lortu dituzten datuekin lan egiteko eta txosten bat prestatzeko. Unibertsitate Proiekziorako errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitatean aurkeztuko dute txostena. Inkestaren emaitza NUPek 2006an egin zuen osasun diagnostikoarekin konparatzeko aukera izango da, eta Unibertsitate Osasungarriaren aldeko II. Planaren esparruan egiten diren hainbat jarduera kokatzeko aukera ere emango du.