Joan eduki nagusira

zoom Industria Ingeniarien Eskolako hitzaldira bertaratutakoak

Industria Ingeniarien Eskolako hitzaldira bertaratutakoak

Ia 400 lagun etorri ziren joan den larunbatean, apirilaren 12an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Arrosadiko campusean programatutako Ateak Zabaltzeko bigarren eta azken Egunera. Saio honetan Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskolako titulazioak xehetasunez aurkeztu ziren.

Parte-hartzaileek graduen ezaugarriak azaltzen ziren hitzaldietara joan ondoren, bisita gidatua egin zuten Arrosadiko campusean zehar, lantegiak, laborategiak, praktiketako etxaldea, liburutegia eta kirol instalazioak eta Urkiak unibertsitate egoitza ikusteko.

Nekazaritza Eskolako hitzaldia 10:00etan izan zen Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, eta ia ehun lagun bildu zen bertan. Saioak honako eskola honen bi titulazioak izan zituen ardatz: Gradua Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan eta Gradua Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan. Hitzaldi hura eman zuten Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko errektoreordeak, Alberto Enrique Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariak, Cristina Arroqui eskolako zuzendariordeak, eta Silvia Arazuri idazkariak.

zoom Cristina Arroqui, jendeari azalpenak ematen Nekazaritza Eskolako planta pilotuari buruz.

Cristina Arroqui, jendeari azalpenak ematen Nekazaritza Eskolako planta pilotuari buruz.

Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak programatutako topaketa 11:30ean egin zen Ikasgelategiko 09. gelan, eta bertan egon ziren Manuel Rapún Ekonomia, Plangintza eta Kalitateko errektoreordea, Ignacio Matías Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria, eta eskolako zuzendariordeak, Antonio López eta Pablo Sanchis. Hitzaldira 300 bat lagun etorri ziren, eta eskola honetan ematen diren graduak aurkeztu ziren bertan: Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Industria Teknologietako Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Informatika Ingeniaritza.

Aurreinskripzioa, ekainean

2014-2015 ikasturtean Gradu ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi nahi dituztenek ekainean egin beharko dute aurreinskripzioa. Ikasleek Interneten bidez egin behar dute inskripzioa NUPen webgunean, eta egin nahi dituzten gradua edo graduak idatzi beharko dituzte, gehienez ere lau, lehentasun ordenaren arabera. Onartuen zerrendak uztail hasieran jarriko dira jendaurrean, eta, hil horren erdialdera, ohiz kanpoko inskripzio epe bat irekiko da, hutsik geratu diren ikaspostuak betetzeko.