Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUPek) eta Vodafone España Fundazioak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute minusbaliotasuna duten ikasleen irakaskuntza/ikaskuntza prozesua indartzeko, hainbat baliabide teknologikoren bidez. Azken helburua da ikasle-talde honi autonomia handiago ematea eskolak jarraitzeko orduan.
Unibertsitateak honako tresna hauek erosiko ditu: FM transmisoreak, pantaila handiko ordenagailu eramangarri bat, ikusmen txikiko ikasleen behar bereziei aurre egiteko zoom pantailak handiagotzen dituen programa bat eta JAWS programa, hau da, ikusmeneko minusbaliotasuna daukatenentzako pantaila-irakurle informatiko bat. Vodafone Fundazioak diru-funtsak jarriko ditu proiektu honetan, unibertsitate moderno bat bultzatzeko eta berrikuntza eta aurrerapenaren eredu bat sustatzeko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa hasieretatik nabarmendu da minusbaliotasunaren arloan eduki duen sentiberatasunarengatik. Horregatik, erreferente izan da minusbaliotasuna daukaten pertsonak unibertsitatearen eremuan egoki txertatzeko, eta irisgarritasun-arauak aplikatzeko. NUPek minusbaliotasuna daukatenei arreta egiteko programa bat dauka, eta programa horren helburua da minusbaliotasuna daukaten pertsonek beren unibertsitate-ikasketak egin ahal izatea berdintasuneko baldintzetan, eta erabat eta eraginkor ari ahal izatea unibertsitateko eremuan.
Gainera, Unibertsitateak hainbat ikerketa talde du domotikari, telelaguntzari eta beste aplikazio batzuei buruz ikertzen, eta beren lanekin pertsona hauen bizimodu autonomoaren, inklusioaren eta bizi-kalitatea hobetzearen alde egiten dute. Lan honek hainbat sari eta aipamen ekarri dizkio Unibertsitateari, baita, bakarka, Unibertsitateko hainbat kideri ere. Horien artean, Nafarroako Merkataritza Ganberaren “Sin Barreras 2009” saria jaso zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak kategoria honetan: “Irisgarritasun orokorra lantokietan. Enpresa publikoa modalitatea”.
Bere aldetik, Vodafone España Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta bere helburuetako bat, baina ez bakarra, telekomunikazioek gizartean zer nolako onurak sortzen dituzten ikertzen eta aztertzen dituzten mota guztietako lanak egitea da. Horretarako, bereziki ahulak diren taldeak gizarteratzeko proiektuak bultzatzen dituzte, besteak beste. Horrela, berrikuntza teknologikoa eta teknologia gizartean eta lanean txertatzeko aplikazioak lantzen dituzten proiektuak sustatzen ditu, beste hainbat erakunderekin lankidetzan, teknologia berrietako prestakuntza ikastaroak eta enpleguaren aldeko ekimenak bultzatuz. www.fundacionvodafone.es
2010eko Nazioarteko Bikaintasun Campusa irabazi duen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, irakaskuntza erakunde gaztea bada ere, 30.000 tituludun baino gehiago eman dizkio lan merkatuari; izan ere, horietako asko garrantzizko lanetan ari dira Nafarroako enpresaren munduan eta erakundeetan.