Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Jon Veramendi, Imma Farran, Alicia Fernández eta Luis Larraya fitrotoi kameran, IdAB instalazioan.

Ezkerretik eskuinera, Jon Veramendi, Imma Farran, Alicia Fernández eta Luis Larraya fitrotoi kameran, IdAB instalazioan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileek (IdAB) azterketa bat egin dute genetikoki eraldatutako tabako landareekin. Landare horien bidez etanol ekoizpena % 20tik % 40era bitartean handitu daiteke, eta horrek etanolak bioerregaiak ekoizteko lehengai gisa daukan bideragarritasuna areagotuko luke.

Dentsitate handian hazten bada eta bere zikloan hainbat aldiz mozten bada, materia freskoaren 160 tona ekoitz daitezke hektarea bakoitzeko. Beraz, bioetanola ekoizteko biomasa-iturri egokia izan daiteke. Jon Veramendi Landare Agrobioteknologiako ikerketa taldearen arduradunak azaldu duenez, “Tabako landareak bioetanola ekoizteko biomasa-iturri gisa tabako hazkuntza tradizionalaren alternatiba bat izan litezke. Izan ere, tabako hazkuntza atzeraka doa Estatu Batuetan eta Europan ezin dutelako lehiatu goraka ari diren herrialdeekin, esaterako Txina ”.

Molecular Breeding aldizkariak ikerketaren berri eman du, eta ikertzaileek Virginia Gold eta Havana merkataritza-aldaeren tabako landareak hazi dituzte. Landareak genetikoki eraldatu zituzten almidoi eta azukre ekoizpena gehitzeko. Horrek etanol produkzioa handiagotzen du. Lan hori Ruth Sanz Barrioren doktoretza-tesian oinarritzen da. Tesia aurreko urtean irakurri zuen NUPen. Ikertzaile hauek parte hartu dute lanean: Imma Farrán, Jon Veramendi Alicia Fernández-San Millán, María Ancín eta Luis Larraya.

Veramendi irakasleak azaltzen duenez, “orain landa-lan bat egin da bi tabako-aldaera hauekin, eta frogatu da almidoia eta azukreak gehitzen direla tabako hostoan”. Tabakoaren hazkuntza tradizionalak landareari garatzen uzten dio, bere hostoak hazteko eta handiagoak egiteko, landarea hazi denean sintetizatzen baita nikotina. Hala ere, landareak bioerregaien ekoizpenerako erabiltzen badira, ikertzaileek dentsitate handiagoko hazkuntza baten aldeko apustua egiten dute, bazka landareen antzekoa "tabako landareak bata bestearengandik oso hurbil ereiten dira eta zikloan zehar hainbat aldiz mozten dira. Landarea 50 zentimetro inguruko garaierara iristen denean, landarea moztu egiten da, eta biomasa prozesatzeko faktoriara eramaten da. Hala, zikloan zehar gehienez ere 160 tona materia lor daitezke hektarea bakoitzeko".

Horrez gainera, tabakoa biobirfindegi batean integratzen bada, beste azpiproduktu interesgarri batzuk lortzen dira, esaterako, hauek: proteinak (landarearen pisu lehorraren % 30 dira gehienez ere, nutrizioaren ikuspegitik oso onak dira eta behi-esnearen edo soja-esnearen proteinek baino proteina-efizientziaren tasa handiagoa dute; beraz, gizakiak edo animaliak elikatzeko erabilgarriak dira), solasenola ( E eta K bitaminak ekoizteko erabiltzen da) eta xantofilak (gehigarria oilaskoentzako pentsuetan).
Azken hamar urteetan, tabakoan hazkuntzarako erabili den eremua % 45 jaitsi da Europan. Espainian, Extremadura da tabako gehien ekoizten duen eskualdea, Andaluziaren aurretik. Ikertzaileen iritzian, bioerregaiaren ekoizpena izan liteke tabakoaren erabilera tradizionalaren alternatibetako bat. Hemendik aurrera, dentsitate handiko hazkuntzekin saiakuntzak egin beharko lirateke tabako hazkuntzarako eremu txikiak dituzten tokietan, landa-lanean lortutako emaitzak berresten diren jakiteko.