Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak aste honetan ireki du epea 2014-15 ikasturtean emango dituen hogeita hamar masterretarako lehen aurreinskripzioa egiteko. Aurreinskripzioa Interneten bidez egin daiteke maiatzaren 5era arte, eta matrikula hilabete horren 26 eta 27an.

Estreinakoz, eskaintzan daude unibertsitateko lau master goi mailako ingeniari baten lan profesionala egiteko gaitzen dutenak. Zehazki, Unibertsitate Masterra Nekazaritza Ingeniaritzan, Unibertsitate Masterra Industria Ingeniaritzan, Unibertsitate Masterra Informatikako Ingeniaritzan eta Unibertsitate Masterra Telekomunikazio Ingeniaritzan dira. Hala ere, azken hiru titulazioetako inskripzioa azken administrazio tramiteen zain dago, eta laster irekiko da.

Bestalde, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak ere bi master berri eskaintzen ditu. Unibertsitate Masterra Enpresen Zuzendaritzan, aurreinskripzioa egiteko zabalik dagoena, eta Unibertsitate Masterra Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketan (ERP) dira. Azken kasu honetan, inskripzioa laster irekiko da. Heldu den ikasturtean emango diren hogeita hamar titulazioetatik, bederatzi unibertsitateartekoak dira, eta goi mailako hezkuntzako beste instituzio batzuekin batera eskaintzen dira.


Lehenengo matrikula maiatzean


Masterretan aurreinskripzioa egiteko orain ireki den lehen epea maiatzaren 5ean amaituko da. Onartutakoen zerrenda maiatzaren 16an argitaratuko da, eta matrikula hilabete beraren 26 eta 27an egin behar da. Unibertsitate Publikoak aurreinskripziorako bigarren epea irekiko du ekainaren 2tik uztailaren 31ra arte. Kasu honetan, onartutakoen behin-behineko zerrenda abuztuan jakingo da, eta matrikula irailaren 15etik 17rako programatu da.

Betegabeko lekuak dauzkaten masterretan, beste aurreinskripzio epe bat irekiko da irailaren 19an, eta matrikula 24an egiteko aukera egongo da. Master bakoitzaren irakaskuntza batzordeak hirugarren aurreinskripzio epe bat baimentzeko aukera du irailaren 26tik urriaren 10era. Bestalde, beren master ikasketak aurreko urteetan hasi zituzten ikasleek irailaren 15etik 17ra egin behar dute matrikula.