Nafarroako Unibertsitate Publikoak astelehen honetan, apirilak 7, ireki du inskripzio-epea ingeleseko eta frantseseko hizkuntza gaikuntzarako frogarako. Azterketa honetako matrikulazioa NUPeko webean egiteko moduan ere badago. Hurrengo ostirala izango da horretarako azken eguna, eta azterketa apirilaren 29an egingo da. Proba edozein Gradu titulaziotako seigarren edo zortzigarren seihilekoko ikasleei zuzendua dago.
Europako Unibertsitate Eremua abian jartzean ezarritako Gradu berrietan, ikasketak amaitzean, Europako Esparru Komunaren B1 mailaren gaitasuna frogatu behar dute ikasleek ingelesez, frantsesez, alemanez edo italieraz. Gaitasun hori frogatuko da orain deitu den gaikuntza probaren bidez, dagokion titulu edo ziurtagiri ofiziala aurkeztuta, nazioarteko mugikortasun programa bateko edo hizkuntza horietan ematen diren ikasketa plan bateko 18 kreditu gaindituta, edo hizkuntza horiek txostenean edo Gradu Amaierako Lanaren defentsan erabilita.
Hizkuntza gaikuntzarako proba Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegiarekin lankidetzan egingo da, eta titulu ofiziala lortzeko bidea ematen ez badu ere, Graduko titulua lortzeko eskatzen den B1 mailako hizkuntza gaitasuna ingelesez edo frantsesez automatikoki frogatuko da probaren bidez. Aipatzekoa da dagokion Graduko titulua eskatu baino lehen frogatu behar dutela ikasleek hizkuntza gaitasuna.
Azterketa ordenagailuan egingo da NIreIkasgelategia plataformaren bidez. Hiru ordukoa izango da, eta lau atal izango ditu: aukera anitzeko erantzunak dituzten ahozko ulermeneko ariketak, narrazio, azalpen eta argudioen bidezko ahozko praktikak, irakurmeneko ariketak eta 100 hitzetatik 200era bitarteko idazlanak orotariko gai bati buruzkoak.