Rubén Martínez Biologian eta Biokimikan lizentziadunak metodologia berri bat garatu du, aukera ematen duena legamiaren egoera fisiologikoa ezagutzeko ardoaren hartzidura prozesuaren une bakoitzean. “Zinemako adibide bat erabiliz, —azaltzen du—, ardoaren hartzidura film oso bat izango litzateke, non, metodologia berri honi esker, filma osatzen duten fotograma guzti guztiak ateratzeko aukera dugun”. Hori ezagutzea bereziki interesgarria da ekoizleentzat, mahats aleetan gertatzen diren aldaketek zuzenean eragiten baitute muztioaren osaera kimikoan.
Tesiaren izenburua da "Legamiaren fisiologiari buruzko azterlan aurreratuak ardogintza baldintzetan. Iragarpen eredu bat garatzeko oinarriak", eta Deméter proeiktuaren barnean sartzen da. Proiektu honen helburua da aldaketa klimatikoak ardogintzan dituen eraginak aztertzea eta ezagutzea, eta mahatsondoen hazkuntzan eta ardoaren ekoizpenean beroketa globaletik eratorritako arazoei aurre egiteko estrategia berriak proposatzea.
Aldaketa klimatikoak mahastietan sortzen dituen eraginen artean daude produktibitatearen murrizketa, eragiten dieten izurriteen eta gaixotasunen banaketan aldaketak, eta aldaketak baita ere mahatsaren konposizio kimikoan. "Tesi honek duen helburu nagusia da Saccharomyces cerevisiae legamiaren portaeraren iragarpen eredu bat garatzen laguntzea ardogintza prozesuan zehar. Honek aukera emango luke aldez aurretik ezagutzeko legamia honen erantzuna mahats-muztioaren konposizio kimikoan sortzen ari diren aldaketen aurrean (haietako asko aldaketa klimatikoaren ondorioz)" azaldu du ikerketa honen egileak.
Legamiaren metabolismoa simulatzea
Tesiaren helburu nagusia izan da S. cerevisiae legamiaren metabolismoaren iragarpen eredu bat garatzen laguntzea ardogintza prozesuan zehar. Ikerketa Ramón González García CSICeko ikerketa irakasleak zuzendu du; Gerardo Pisabarro NUPeko mikrobiologia katedraduna izan da tutorea, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
Lan honekin frogatu da hartzidura prozesuaren azterlan xehakatuak aukera ematen duela prozesu hori zatitzeko hainbat aldi edo fasetan, eta haietako bakoitza imitatu ahal dela etengabeko hazkuntzan. Lorpenetako beste bat izan da legamiaren metabolismoa simulatzeko aukera ematen duen eredu bat garatzea.
Tesi honek, era berean, frogatzen du ardandegian muztioaren konposizio kimikoa ezagutzearen garrantzia, bereziki, legamiak asimilatu dezakeen nitrogeno kopurua, eta legamiak dauzkan nitrogeno beharrak. “Bi parametro horiek ezagututa —dio ikertzaileak—, hainbat protokolo diseinatzeko aukera dago, hartzidura prozesuan zehar jarduteko, ardoaren kalitate organoleptikoa hobetzeko xedez”.
Rubén Martínez Moreno Biologian (2009) eta Biokimikan (2009) lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean, Enologian masterduna Universitat Rovira i Virgili unibertsitatean (2010) eta Bioteknologian doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2014). Gaur egun enologo lanean ari da Quercus Europe S.L. enpresan.
Hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du, eta horien emaitzak erakutsi izan dira nazioko eta nazioarteko hogeitik gora biltzarretan. Emaitza garrantzitsuenak argitaratu ere egin dira nazioarteko aldizkari espezializatuetan. Doktoretza tesia garatu bitartean (ICVV) Mahastien eta Ardoaren Zientzietako Institutuan sartu zen Logroñon, eta bi egonaldi egin zituen ikerketa zentroetan; zehazki, Universitat Rovira i Virgili unibertsitatean eta Delft-eko Unibertsitate Teknikoan (Delft, Herbehereak).