Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Pribatuko Sailak mintegi bat antolatu du banku kontratuen eta finantza produktuen abusuzko baldintzak aztertuko dituena. "Banku kontratuen gaur egungo alderdiak" da topaketa akademikoaren izenburua. Ostiral honetan, apirilaren 4an, egingo da Arteak eraikineko Ada Byron Aretoan eta sarrera doan da. Jardunaldi hau garatzen da honako ikerketa proiektu honen esparruan "Aktiboko eta pasiboko banku operazioak krisi ekonomikoaren testuinguruan: kontratazio pribatuaren batasunerantz". Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatu du ikerketa proiektua.

Gaur egungo ekonomian, kreditu jarduera ezinbestekoa da, baina Espainiako ordenamendu juridikoak ez du beti jakin bezeroen interes ekonomiko legitimoei babesa ematen. Topaketa akademiko honen aurkezpenean adierazi bezala, azken urteotan ohikoak izan dira abusuzko baldintzak maileguei, aurrezkiei, kontu korronteko gordailuei, kredituei, kreditu txartelei edo zor-txartelei dagozkien banku kontratuetan.

Mintegiaren koordinatzaileak María Ángeles Egusquiza Balmaseda, NUPeko Zuzenbide Zibileko katedraduna, eta Rafael Lara González, Merkataritza Zuzenbideko katedraduna izan dira. Guztira, ordu erdiko sei parte hartze programatu dira, eta hainbat ikertzailek, magistratu batek eta notario batek parte hartuko dute.

Jardunaldi honen programa 17:00etan hasiko da Antonio Pinto Monteiro Coimbrako Unibertsitateko Zuzenbide Pribatuko katedradunaren parte hartzearekin, eta hark mintzagai izango du Portugalgo ordenamendu juridikoaren erantzuna kontsumitzaileen banku kontratuen aurrean. Jarraian, Rafael Ruiz de la Cuesta, Iruñeko Lehen Auzialdiko 5. Epaitegiko magistratuak, banku kontratuen abusuzko baldintzak ikuspegi judizial batetik izango ditu ardatz bere hitzaldian. Gai berari buruz, baina ikuspegi notarial batetik, mintzatuko da Felipe Pou Ampuero, Iruñeko notario bat.

“Banku kontratuak eta kontratuetako baldintza orokorrak: etorkizunerako perspektibak” da laugarren hitzaldiaren izenburua, María Ángeles Egusquizaren eta Isabel Domínguez Yamasakiren eskutik; azken hau Zuzenbidean doktoregaia da NUPen. Azken bi parte hartzeetan hausnarketa egingo da finantza produktuen kontratazioari buruz, finantza kontratuei buruz eta hartzekodunen konkurtsoei buruz. Hitzaldiak emango dituzte Hugo López López Finantza eta Zerga Zuzenbideko irakasleak eta, Rafael Lara Gonzálezek, hurrenez hurren.