Ezkerretik eskuinera, Maite Muruzábal, Jesús Sarasa, Francisco Arrarás, Julio Lafuente, Alfonso Carlosena eta Alberto Enrique
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Grupo Cooperativo AN Fundazioak katedra bat sortu dute, bi erakundeen arteko lankidetza garatu eta ezagutza sortzeko nekazaritzaren esparruan, nekazaritzako industriaren esparruan eta esparru kooperatiboan. Hitzarmenak bi urteko iraupena dauka, eta hainbat jarduera jasotzen ditu, ikerketa aurreratua sustatzeko eta unibertsitateko ikasleen eta enpresa sektore honetako profesionalen prestakuntza praktikorako.
Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Francisco Arrarás Echevarría Grupo Cooperativo AN Fundazioaren Patronatuko lehendakariak sinatu dute lankidetza hitzarmena. Ekitaldian izan dira Alfonso Carlosena García NUPeko Ikerketako errektoreordea, Alberto Enrique Martín Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren zuzendaria, Jesús Sarasa Murugarren Grupo ANren zuzendari kudeatzailea, eta Maite Muruzábal Muruzábal Grupo AN Fundazioaren zuzendaria.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Grupo AN Katedraren helburua da ezagutzaren sorrera sustatzea bi erakundeentzat interes komunekoak diren esparruetan, bai eta baterako jarduerak garatzea ere ikerketa, bestetaratze, dibulgazio eta prestakuntza arloan. Ildo honetan, baterako ikerketa lerroak garatuko dira, doktoretza-tesiak egingo dira enpresarekin lankidetzan, adituen nazioko eta nazioarteko topaketak sustatuko dira eta sektoreko enpresentzat korapilatsuak diren ingurumen eta iraunkortasun arloko gaiak ikertuko dira.
Hitzarmenak hezkuntza-lankidetza ere sustatu nahi du, Grupo ANren beharretara egokitutako profesionalak prestatzeko beken (doktoretza aurrekoak eta ondokoak) eta prestakuntza plan espezifikoen bidez. Hori guztia dibulgazio jarduerekin osatuko da jardunaldien, gertakizun zientifikoen sustapenaren eta interes komuneko gaiei buruzko argitalpenen bidez.
Alde bakoitzaren bi ordezkarik osatutako batzorde misto bat arduratuko da dauden lankidetza aukerak proposatzeaz, jardueren urteko programaren betearazpena ikuskatzeaz eta beste erakunde batzuekin egin daitezkeen hitzarmenak proposatzeaz, katedraren helburuak lortzearen alde egiteko.