Joan eduki nagusira

Jaime Brunet Fundazioak sari bat sortu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei zuzendua, eta sari horren bidez gradu amaierako lan onena nabarmendu nahi du. Lanaren edukiak lotuta egon behar du pertsonen eskubideen defentsa eta babesarekin eta garapenerako lankidetzarekin. Aurkezteko epea urriaren 10ean amaituko da eta irabazleak 2.000 euroko saria eramango du.

Fundazioaren Patronatuak sari hau sortu du ikasleek interesa har dezaten giza eskubideei buruz, hau da, hauen egoerari edo babesari buruz, honen inguruko salaketak egin edo hobekuntzak proposa ditzaten, eta aldi berean, unibertsitate ikasketak bukatzen dituzten ikasleen ahaleginak saritu nahi dituzte. Gogorarazi behar da Brunet Fundazioak, 1998tik, Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Saria ematen duela. Sari honekin giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona zein erakunde baten ibilbidea nabarmentzen da.

Giza Eskubideak eta Lankidetzarako Garapena Sustatzeko Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren oinarriek ezartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren gradu titulazioko edozein ikaslek parte hartzen ahal duela. Gradu amaierako lanen defentsa sariaren deialdia egiten den urte naturalean egina izan behar da.


Lanen edukia


Gradu amaierako lanen ikerketa-gaiaren muina pertsonen eskubideen defentsa eta babesa izango da, edo eskubideak erabiltzeko mekanismo edo tresnen garapena. Kontuan hartuko dira, baita ere, garapenerako lankidetzari buruzko gaietan aurrerapenak edo proposamenak egiten dituzten lanak, edo egoera baztertzaileek ukitutako pertsonen bizi-baldintzak hobetzen dituztenak. Azkenik, oinarriek ezartzen dute, baita ere, sexu, arraza, erlijio, haurtzaro, desgaitasun, indarkeria, gaixotasun edo gerra dela-eta testuinguru hauskorretan dauden petsonen eskubideak hobetzeari buruzko lanak ere aurkezten ahal direla. Honela, lanek ikuspuntu ezberdinak eduki ditzakete (juridikoa, ekonomikoa, osasunekoa, soziala edo zientifiko-teknologikoa).

Sarira aurkezten diren lanek gainditua edukiko dute Unibertsitatearen ebaluazioa, eta aurkezten diren ikasleek justifikatu beharko dute berariaz, idatzizko autoebaluazio baten bidez, beren ikerketak zerikusia daukala Fundazioak proposatu dituen gaietakoren batekin. Deialdiaren oinarriak Fundazioaren web-orrialdean daude: Fundación Jaime Brunet.


Jaime Brunet eta bere Fundazioa


Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena. Nafarroako Foru Berriaren 44 Legearekin bat etorriz eratu zen. Bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizagabeko egoerak edo tratu iraingarriak ezabatzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Jaime Brunet Romero Baionan (Frantzia) jaio zen 1926ko uztailaren 20an, eta 1992ko urtarrilaren 4an zendu zen Donostian (Gipuzkoa). XVIII. mendean Gipuzkoara etorritako kataluniar ekintzaileen familia batean jaio zen (han garatu zuten industria jarduera garrantzitsua), eta ideia liberaletan eta bere garaiarekiko ikusmolde kritikoan hezi zuten. Aitak bideratu zuen zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, alderdi errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian.

Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, bere izena izango zuen fundazio bat sortu ahal izateko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.