Joan eduki nagusira

zoom Proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak: Amaya Izaguirre (ezk.), María González de Audicana eta Jesús Álvarez

Proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak: Amaya Izaguirre (ezk.), María González de Audicana eta Jesús Álvarez

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikertzaile lankidetzan ari dira TRACASA eta AIN elkartearekin mahastizaintzaren kudeaketan aplikatutako doitasunezko kartografiari buruzko proiektu batean. Sentsore optiko-elektronikoak erabiliz eskifai gabeko sistemetan (UAS) eta eskifaidunetan (hegazkina), doitasun handiko eta espektro anitzeko irudiak hartzen dituzte, ondoren mahastiak kudeatzeko informazio erabilgarria ematen dutenak.

Trabajos Catastrales de Navarra enpresa da proiektuaren buru, Nafarroako Industria Elkarteak ere parte hartzen du, eta Otazu upeltegia ere lankidetzan ari da. Proiektua Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren INNPACTO programaren barruan dago. Programa horrek ikerketa zentroen eta enpresen baterako lana sustatzen du. NUPeko ikertzaileak María González de Audicana Amenabar, Jesús Álvarez Mozos eta Amaya Izaguirre Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ingeniariak dira. 2011. urtean hasi eta urte honen amaiera aldean bukatuko da proiektua, guztira 632.000 euroko aurrekontua eduki duena.

zoom Proiektuan erabili den UASaren irudi bat

Proiektuan erabili den UASaren irudi bat

Mahastien datu zehatzak erdiesteko, ikertzaileek hiru informazio iturri eduki dituzte: TRACASAko hegazkinak hartutako irudiak; AINek garatutako eskifai gabeko sistema baten (UAS deitua “Unmanned Aircraft Systems”ingelesezko siglengatik) hegaldi autonomoen bidez hartutako irudiak, eta eremu sentsore batek (CropCircle) erregistratutako datuak, zeinak 4x4 batean akoplaturik, aukera ematen baitu mahatsondoen lerroei buruzko informazioa jasotzeko Otazu upeltegiko 6 lursailetan.

Irudiak mahatsa kolorez aldatzen ari den aldian hartzen dira, gutxi gorabehera hilabete mahats-bilketa egin aurretik. "Hegazkinarekin hartutako irudiez gainera, AINek bere UASetan integratutako espektro anitzeko kamera edukitzeak aukera ematen digu irudiak hartzeko altuera askoz txikiagoan eta bereizmen handiagoarekin —azaldu du María González de Audícana ikertzaile nagusiak—. Honekin batera, nekazaritzan lan egiten dugunontzat oso garrantzitsua da irudiak une zehatzean eduki ahal izatea, hodeirik gabe jasotzeko bermerik ematen ez duten satelite irudiak jasotzeko itxaron beharrik gabe.

zoom Lursail baten zonifikazio mapa: landare indar handiko edo txikiko guneak eta zenbatutako mahatsondo lerroak

Lursail baten zonifikazio mapa: landare indar handiko edo txikiko guneak eta zenbatutako mahatsondo lerroak

Espektro anitzeko irudiak erdiesten dira sentsore batzuei esker, irudiak hein ikusgarrian atzemateko ahalmena edukitzeaz gainera, infragorri hurbilean, ez-ikusgarrian, ere badutena. "Hau funtsezkoa da, informazioa jaso dezakegulako landare azal batek nola islatzen duen eguzki erradiazioa hainbat uhin-luzeratan. Badakigu landare azal bat oso indartsu dagoenean, oso berde, gutxi erakusten duela gorrian eta asko infragorri hurbilean; eta alderantziz, indar handia ez duenean ura, nutrienteak eta abar falta dituelako, gorrian gehiago eta infragorrian gutxiago erakusteko joera daukala". Datu horiekin, irudiak prozesatu eta doitu ondoren, ikertzaileek mahastien landare-indarrari buruzko mapa zehatzak sortzeko aukera daukate.

Baliozko argibideak

Proiektuaren helburu nagusia da doitasunezko kartografia zerbitzu berriak sortzea aplikazio zehatzetarako. Kasu honetan, sei lursail hautatu ziren barietate desberdinetakoak (Chardonnay, Merlot, Cabernet Sauvignon eta Tempranillo). Behin irudiak lortuta, hamar eguneko baino epe laburragoan, ikertzaileek aukera dute mahastizainari lursailaren mapa xehea eskaintzeko, indar handiko edo txikiko mahastien lerroak edo guneak zehazten dituena. "Upeltegiek gehien estimatzen duten alderdietako bat da sartzen den mahatsa homogeneoa izatea, ez nahastea, adibidez, azidotasun handia duen mahatsa oso bestelakoa den batekin, —dio González de Audicanak—. Mapa horien informazioarekin, esaterako, erabaki dezakete modu bereizian biltzea mahatsa: landare indar handiena duten guneetako mahatsa alde batetik, eta gainerakoa bestetik".

Gainera, 2012. eta 2013. urteetan ikertzaileek eremu laginketak egin zituzten hainbat parametro aztertzeko, bai mahastienak bai mahatsarenak: alkohol-gradu probablea eta mahatsaren azidotasun guztizkoa, mahastien errendimendua, mahastien inausketaren pisua, enborren eta zurtoin berrien ebakidurak, lurzoruen analisi fisiko-kimikoa, lurzoruaren hezetasuna, etab. "Kontuan hartu behar dugu lortutako irudiekin jakin dezakegula nola dauden mahatsondoak, baina upeltegikoei interesatzen zaiena da nolakoa den mahatsondo horietako mahatsa.

Laginketa horiekin nahi izan genuen alderatu gune batzuetan beste batzuetan baino indar handiagoa edukitzeak desberdintasunak ote dakartzan produzitzen den mahatsaren ezaugarrietan, eta ondorioz, haren kalitatean".
Laginketen emaitzek erakutsi zuten badaudela lursail batzuk non indar handiko guneetako mahatsak eta indar txikikoetakoak batez besteko alkohol-gradu eta azidotasun balore desberdinak dauzkatenak. “Hau oso nabarmen izan zen Merlot barietateko lursailean, aldaketa esanguratsuak baitzeuden. Era berean, ikusi genuen konposizio eta nutrienteetan berdina den lurzoru batean badaudela landare indar desberdinak; hau, 2013an egin genituen neurketak ikusita, ematen du lurzoruak urari eusteko duen ahalmen desberdinak eragiten duela".

Azterlan honek aukera eman die upeltegikoei, baita ere, jakiteko zein diren laginketa puntu onak. "Laginketak ausaz aukeratutako motzondoetan egin ohi dituzte. Hala ere, oso eremu handi bateko adierazgarriak diren laginketarako une egokiak zein diren esatea, haientzat oso informazio erabilgarria eta baliotsua ematea da, beren neurketak eta heldutasun, bilakaera, kontrolak planifikatu ahal izateko, etab.".
Landa-lana bukatu ondoren, eta lehen emaitzak erdietsi ondoren, ikertzaileek proiektu hau bukatuko dute 2014 honetan datu eta irudi guztien analisiarekin eta behin betiko ondorioak lortzearekin.