Nafarroako Unibertsitate Publikoko Abokatutzarako Sarrerako Masterreko ikasle batzuek praktikak egingo dituzte Iruñeko Gaztediaren Etxean, Zientzia Juridikoen Fakultateak eta Iruñeko Udalak izenpetu duten hitzarmen bati esker. Ekimen honetan parte hartuko duten ikasleek oinarrizko aholkularitza juridikoa emango diete gazte erakundeei, berriki sortu den zerbitzu baten barruan.
Honako hauek izenpetu dute lankidetza-hitzarmena: José Francisco Alenzak, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak; Paz Prietok, Iruñeko Udaleko Kirol eta Gazteriaren ziengotziak; Pedro Charrok, Abokatutzarako Sarrerako Masterreko praktiketako arduradunak eta José Ramón Iriartek, Sedena SLko ordezkariak. Enpresa hau da Gazteriaren Etxea kudeatzeaz ardurtatzen dena.
Hitzarmenak aintzat hartzen du masterreko bi ikaslek gazteen erakundeei aholkularitza juridikoak emateko praktikak egitea, horretarako sortutako zerbitzu batean, informazio, orientazio eta aholkularitza doan emanez 14 eta 30 urte arteko gazteek osatutako eta dirua irabazteko asmorik gabeko erakundeen gorabeherei buruz. Praktika hauek masterraren bigarren seihilekoan egingo dira, aurtengo martxoaren eta ekainaren artean, Kanpoko Praktikak I irakasgaiaren barruan, eta beren helburua da ikasleen prestakuntza akademikoa osatzea, etorkizunean edukiko duten jardun profesionalarekin lotutako jarduerak eginez.
Praktiketako jarduera nagusia izango da oinarrizko orientazio juridikoa ematea gazteen erakundeak sortzearekin, kudeatzearekin, zergekin edo boluntariotzako gaiekin zerikusirik daukan guztian. Gainera, ikasleek lagunduko dute gai juridikoei edo gaurkotasuneko gaiei buruzko hitzaldiak eta eztabaidak antolatzen, eta kontsultak egiten dituzten pertsonen eskura jar daitezkeen funts bibliografikoak gaurkotu eta informazio-fitxategiak prestatuko dituzte.
Informazioa, orientazioa eta aholkularitza
Gazteen Erakundeei buruzko Aholkularitza Juridikoa jendeari irekita dagoen doako zerbitzua da, erabil daitekeena era presentzialean edo telefonoaren edo web-orrialdearen bidez. Udal zerbitzu honen helburu nagusia da informazio, orientazio eta aholkularitza ematea gazte erakundeei elkarteen gaiei buruz.
Zerbitzu berri honek bultzatu eta erraztu nahi du gazteek elkarte-mugimenduan aktiboki parte-hartzea, eta topagunea izan nahi du, elkarte guztiak proiektu eta ideien inguruan lankidetzan ari daitezen. Orientazioaren lanaz gain, gaiari buruzko prestakuntza eta ezagutzako hainbat tresna eskura daitezke, eta horretarako dokumentu teoriko eta praktikoak prestatzen dira, lan-metodokogiari buruzkoak eta elkarteak kudeatzeari buruzkoak.