Joan eduki nagusira

Alexandra Bernal RodríguezChrysodeixis chalcites izeneko sitsa baratze-labore, labore apaingarri eta fruta-laboreen izurri handienetakotzat hartzen da. Sitsaren beldarrek landa-espezie asko jaten dituzte, eta horien artean platanondoak. Horregatik, Kanariar Uharteetan uztaren pisu guztiaren % 30erainoko galerak eragiten dituzte. Bere aldetik, Alexandra Bernal Rodríguezek bere tesia irakurri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta tesian izurri hau kontrolatuko duen biointsektizida berri bat lortzeko beharrezkoak diren garapen bioteknologikoak landu ditu. Dagoeneko patente bat eskatu du biointsektizida horretarako.

Zenbait mikroorganismo izan daiteke izurriak kontrolatzeko erabiltzen diren biointsektizidak garatzeko gai aktiboa. Kasu honetan, ikertzaileak bakulobirusen familiako birus bat erabili zuen. Bakulobirusek ornogabeak infektatzen dituzte berez, eta era naturalean kontrolatzen dituzte intsektuen populazioak landa-eremuetan. "Intsektizida izateko ezaugarririk onenak zeuzkan birus bat aukeratu genuen -azaldu du-. Birus horretatik abiaturik, produkzio-sistema masibo bat garatu genuen, eta sistema horren bidez, bakarrik bi larbarekin futbol-zelai baten besteko azalera tratatzen ahal genuen".

zoom Bideoa. Alexandra Bernalen parte hartzea Tesiak 3 Minututan lehiaketan

Bideoa. Alexandra Bernalen parte hartzea Tesiak 3 Minututan lehiaketan

Birusarekin infektatutako larba bat, hiltzen denean, beste infekzio-iturri bat da, laboreen gainazala kutsatzen duelako. Horrela, gainazal begetal hori jaten duten beste larba batzuk infektatzen dira eta modu berean hiltzen dira. Biointsektizidaren eraginkortasuna baieztatzeko, emaitzak intsektizida kimiko eta biologikoenekin alderatu ziren. Azken hauek dira erabilitzen direnak Kanariar Uharteetako platanondo-sailetan. "Ikusi genuen gure produktua 3 edo 4 aldiz eraginkorragoa dela. Patente bat eskatu dugu, eta oinarriak ezarri ditugu biointsektizida berri bat garatzeko. Izan ere, oso tresna erabilgarria da nekazaritza iraunkor baten alde".

Alde horretatik, esan behar da ohiko tratamenduen bidezko izurrien kontrolak, intsektizida kimikoekin egiten denak, esaterako, kalteak eragiten ahal dizkiotela ingurumenari, eta hondakinak uzten dituztela uzten gainazaletan, merkaturatzea zailduz. "Bakulobirusak interesgarriak dira intsektu-izurriak kontrolatzeko, bai gaitasun intsektizida handia daukatelako, baita espezifikoak eta seguruak direlako ere -esan du Alexandra Bernalek-. Horregatik zenbait bakulobirus intsektizida bezala daude erregistratuta munduko toki batzuetan".

Tesiaren izenburua honako hau da: “Development of a new bioinsecticide based on a Chrysodeixis chalcites nucleopolyhedrovirus from the Canary Islands”. Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko katedradun Primitivo Caballerok eta Agrobioteknologia Institutuko ikertzaile Oihane Simonek zuzendu dute, eta kalifikaziorik onena lortu du: Bikain cum laude.

Alexandra Bernal Rodríguez nekazaritza ingeniari teknikoa da (Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenak espezialitatekoa) eta Agrobioteknologian doktorea NUPen. Unibertsitatean Laborantzen Babesa ikerketa taldeko kidea izan da. Biltzarretan eta mintegietan parte hartu izan du, eta aldizkari zientifikoetan argitaratu diren hainbat ponentzia eta artikulu idatzi ditu. 2013. urtean NUPek antolatzen duen Tesiak 3 Minututan lehiaketako finalistetako bat izan zen.