Joan eduki nagusira

zoom Coro García Alberdi

Coro García Alberdi

Coro García Alberdi NUPeko telekomunikazio-ingeniaria da, eta bere doktoretza tesian kontsumo ultratxikiaren komunikaziorako hardwarea ikertu du. Hardware hau eraginkorragoa da energiaren aldetik, eta ingurumenari kalte gutxiago egiten dio. Lan honen aplikazio nagusia haririk gabeko sentsoreen sareak dira, "baina -ikerketaren egileak azaltzen duenez- emaitzek balio dute pilen edo baterien bidez eragiten diren gailu guztietarako, pila edo bateria hauen iraupena denean aspektu kritikoa; esaterako, taupada markagailuak edo desfibriladore inplantagarriak, bateria aldatzeko kirurgia eskatzen duten gailuak direnean".

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Antonio López Martín katedradunak zuzendu du doktoretza tesia, zeinaren izenburua hauxe baita: “Low power channel selection filtering for highly integrated wireless receivers” . Tesiak kalifikaziorik onena lortu du: bikain cum laude, aho batez emana.

Zehatz esateko, Coro Garcíaren lana zirkuitu integratu analogikoak diseinatzea izan da, tentsio baxuko teknikak aplikatuz, eta kontsumoa ultratxikia izateari erreparatuz. Tesian proposatzen diren zirkuitu guztien funtzionamendua esperimentalki baliodundu zen.

Aplikazioei dagokienez, esan den bezala, garrantzizkoena haririk gabeko sentsore-sareak dira. Sentsore-nodo eta eragingailu batzuek osatzen dituzte sare hauek; sentsoreek giroaren edo norbanakoaren parametroak atzematen dituzte (tenperatura, hezetasuna, presioa, bihotz-erritmoa, presentzia, eta abar), eta eragingailuek ekintzak sortzen dituzte (gailuak piztea/etetea, balbulak irekitzea/ixtea, estimulu biologikoak sortzea, eta abar). Nodoen arteko komunikazioa eta nodoen eta internet bezalako beste hainbat sareren arteko komunikazioa kablerik gabe egiten da, irrati uhinen bidez.

Teknologia hau goraldi handia izaten ari da azken urteetan, aplikazio asko dituelako. Bereziki, funtsezkoak dira inguru adimentsuak edo giro-adimendun inguruak deitzen direnak lortzeko. Kontzeptu hau, inguru domotiko eta urbotikoenarekin, eta gauzen internetekin batera, teknologia inguruan integratzeari buruzkoa da (etxea, autoa, bulegoa, fabrika, hiria, ekosistemak eta abar), edozein tokitan eta edozein unetan teknologia berezkotasun osoz erabili ahal izateko. "Eszenatoki hauek espektatiba eta inbertsio instituzional eta pribatu handiak sortzen ari dira -dio Coro Garcíak-, baina eszenatoki horietako asko, gaur egun, ez dira bideragarriak ingurumenaren eta energiaren ikuspuntutik, aldaketa teknologikoak egiten ez badira, tesi honek proposatzen duenaren ildotik".

Doktoretza tesi honetako lanak nazioarteko aldizkarietako eta biltzarretako hainbat argitalpen ekarri ditu. Izan ere, Coro García Alberdik bere karrera amaierako lanarekin hasi zuen ikerketa-ildo hau. Proiektu horrek Telekomunikazio Ingeniarien Nafarroako Elkartearen 2009ko proiekturik onenaren saria jaso zuen. Coro Garcíak Telekomunikazio Ingeniaritza titulua lortu zuen NUPen, ohorezko matrikularekin, eta bere ikasketetako laugarren urtea Grenobleko Institut National Polytechnique izenekoan egin zuen. Hainbat artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan, biltzar zientifikoetan eta finantzaturiko bi ikerketa-proiektuetan parte hartu izan du.