Joan eduki nagusira

zoom Katedrak 2013n antolatu zuen jardunaldi bateko parte-hartzaileak

Katedrak 2013n antolatu zuen jardunaldi bateko parte-hartzaileak

Arrosadiko campuseko Sario eraikineko 04. ikasgelan egingo da, martxoaren 3tik 6ra, Energiaren Astea. Bere helburuak honako hauek dira: energia berriztagarria sortzeko teknologiak eta Nafarroan arlo horretan ari diren enpresa garrantzizkoenak ezagutzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedrak antolatu du. Berrikuntzarik handiena da aurten Unibertsitatearen ikasle ohiek parte hartuko dutela, beren enpresetan eduki duten lan-esperientzia kontatzeko.

Pablo Sanchis Gúrpidek, Energia Berriztagarrien Katedrako zuzendariak, azaltzen duenez, "ikasle ohien parte hartzea oso interesgarria izango da, horrek erakusten duelako Unibertsitatea, bere ingeniarien bidez, gauza izan dela, ikertzaileez eta irakasleez gain, berriztagarrietan ari diren enpresentzako ingeniariak ere prestatzeko. Ez ahaztu arlo honek Nafarroan kalitate handia daukala, hemen sortzen diren teknologiek nazioarteko lidergoa edukitzen dutelako".

Astea martxoaren 3an hasiko da, astelehenean, 10:00etan, lehen saioarekin. Horretan, energia berriztagarria sortzeko teknologien gainean arituko da: sistema elektrikoa, eguzki-energia fotovoltaikoa, energia eolikoa eta eguzki-energia termoelektrikoa. Pablo Sanchis, Luis Marroyo, Jesús López eta David Astrain irakasleek emango dituzte hitzaldi hauek, hurrenez hurren.

Asteartean eta asteazkenean, Katedra osatzen duten enpresen jarduna ezagutzera emango dute ikasle ohi batzuek. Zehatz esanda, asteartean Javier San Miguel Armendáriz (CENER), Ion Arocena de la Rúa (GAMESA) eta Javier Barricarte Rivas (INGETEAM) arituko dira, eta asteazkenean Arantza Esparza Zabalza (ACCIONA WINDPOWER) eta Asunción Padrós Razquin (ACCIONA ENERGÍA).

Astea martxoaren 6an amaituko da, 11:00etan, Javier Zardoya Illanaren hitzaldiarekin: "Energia, giza garapena eta lankidetza". Zardoya NUPeko egresatua da eta Mugarik Gabeko Ingeniaritzako boluntarioa.

Energia Berriztagarrien Katedra lankidetza zientifiko-teknologikoaren hitzarmen baten babesean sortu zen. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta lehen esandako enpresek egin zuten hitzarmen hori. Hitzarmenaren helburua da ikerketa eta irakaskuntza-jardunak elkarrekin egitea, hala nola karrera-amaierako proiektuak, master amaierako lanak, doktoretza tesiak, ikastaroak, mintegiak, prestakuntza-jardunaldiak, ikerketa programak eta proiektuak, azterketak, maketak, prototipoak eta ikerketa zein esperimentazio-lanak, edo ikerketa zientifiko eta teknikoko azterketa zehatzak.