Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Iosu Litago, José Antonio Perales, Karlos Alastruey eta Eloísa Ramírez.

Ezkerretik eskuinera, Iosu Litago, José Antonio Perales, Karlos Alastruey eta Eloísa Ramírez.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bi dokumental sozial labur aurkeztuko ditu ostegun honetan, otsailak 20, Iturramako Civivoxen. Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzako Gizarte Ekintzarako Unitateak emandako lantegi batean ikasle batek eta irakasle batek egin dituzte aipatu dokumentalak. Bi dokumental labur hauen izenburuak dira “Parajeetako kultura”, Iosu Litago Munárriz Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako ikaslearena, eta “Les Hirondelles”, José Antonio Perales Antropologia Sozialeko irakaslearena. Bi lanak lehen aldiz emango dira 19:30ean egingo den doako ekitaldi batean.

Karlos Alastruey zinema zuzendariak eta NUPeko Automatika eta Konputazio Saileko irakasleak emandako lantegi baten emaitza dira. Ikastaro honen helburua da parte-hartzaileei tresnak ematea, gure hurbileko errealitatearekin lotutako gizarte eta antropologia gaiei buruzko dokumental bat sortu ahal izateko. Horrela dokumentu funts bat sortu nahi da Unibertsitatean, irakasleek material gisa erabil dezaten.

Ia 20 lagunek parte hartu zuten lantegian, eta gai hauei buruzko nozioak ikasi zituzten: gidoi bat edo eskaleta bat nola egin, filmaketa plan bat nola egin, edota zuzendaritza-lana. Izena eman zutenei beren ideia benetako proiektu batean gauzatzeko eskatu zien Karlos Alastrueyek, eta, azkenean, bi proiektu burutu dira. Dokumental hauek sortzeko, KATPA Producciones Audiovisualesen laguntza izan dute.


Nekazaritza eta emigrazioa


“Parajeetako kulturak” Nafarroako Erriberako bi laborari gazteren istorioa kontatzen du. Laborariek ikusmolde desberdinak dituzte lurra lantzeko moduari buruz. Haietako bat musika-irakaslea da, baina landara bueltatzea erabaki du, barietateak eta bertako nekazaritzako praktika ekologikoak berreskuratzeko. Beste gaztea laborari profesionala da, eta upategi eta mahasti baten jabea, aitarekin batera baratze tradizional bat badauka ere. Biek modu desberdinean bizi dute nekazaritza, baina modu berean maite dute lurra. Nekazaritza tradizionaletik nekazaritza moderno eta produkziozaleago baterako urratsa ikertzen ahalegindu da Iosu Litago dokumental honen bidez.

Bestalde, “Les Hirondellesek” benetako kasu baten bidez berreraikitzen du espartinak egiten aritzeko Frantzia hegoaldera emigratu zuten Nafarroako eta Aragoiko emakume askoren abentura. Mugaz haraindiko emigrazio honen istorioa 1880 eta 1935 artean gertatu zen. Ilazkik, Erronkariko “enara” baten birbilobak, kontatzen du istorioa. Neska honen eta bere birramonaren egoerak antzekotasun bat badute, eta neskak albumaren bidez berriz topo egiten du bere birramonarekin. Protagonistak bere arbasoaren istorioa berreraikitzen du, eta Frantziara bidaiatzen du, oroimena orainetik berreraikitzeko ahaleginean. Dokumental laburra osatzen dute "enara" izandakoei egindako elkarrizketek. Emakume talde hori, denborak aurrera egin ahala gero eta ahots gutxiago dituena, aipatu izenaz zen ezaguna.