Javier Pedreira “Wichok”, Microsiervos zabalkunde blogeko sortzaileetako batek, heldu den otsailaren 20an hitzaldi bat emango du Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatzen duen Tesiak 3 minututan lehiaketaren bigarren edizioko sariak emateko ekitaldian. Jendearentzat zabalik dagoen hitzaldiaren izenburua da "Gehiago esan beharra dago: ikertzen dut", eta arratsaldeko 19:30ean izango da Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, Arrosadiko campusean.
Pedreirak bere hitzaldiarekin nabarmendu nahi du unibertsitateetan garatzen den ikerketa lana gizarteari helaraztearen garrantzia. Bere ustez, mota guztietako ikerketen produktuak eta emaitzak egunero erabiltzen diren gizarte batean bizi gara, baina, aldi berean, biztanleriaren zati handi bat ikerketa horietatik baztertua bizi da. Microsiervos blogeko sortzaileetakoa denak dio «aski aurreratua den edozein teknologia ezin da magiatik bereizi» Arthur C. Clarke-ren esaldia kasu askotan aplikagarria izango litzatekeela.
Horregatik, “Wichok” uste du lan egin behar dela ikertzaileak konbentzitzeko beren denboraren zati bat eman dezaten egiten dutenaren berri emateko. "Une honetan, nahi duenak egin dezake, tresnak hortxe daudelako" eransten du.
Hitzaldia joan den azaroan egin zen Tesiak 3 minututan lehiaketaren bigarren edizioko sariak emateko ekitaldian emango da. Irabazleak honako hauek izan ziren: Nerea Zugasti Mutilva, doktoretza tesi baten Komunikazio hoberenari saria, 1.000 euro eta diploma jaso baitzituen bere aurkezpenarekin: "Populazio immigrantearen lan-trantsizioak krisialdian. Lan merkatuko txertaketaren eta kanporaketaren artean". Marcial Roa Rosek eta Alberto Berrueta Irigoyenek, hurrenez hurren, master amaierako lana eta ikasketen amaierako proiektua modalitateetan irabazi zituzten sariak, bakoitza 500 eurokoa.
Lehiaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu du, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren finantzabidea eduki du, eta berari esker, jendeak bertatik ikusi ahal izan zuen ikertzaile gazteek Unibertsitatean egiten duten lana. Irabazleen mintzaldien bideoak ikusgai daude lehiaketaren web-orrialdean: http://www1.unavarra.es/t3m
Lehiaketaren bigarren edizio honetan sartu den berrikuntzetako bat izan da finalera iritsi diren parte-hartzaileen lanak Nafarroako Radio Nacional de Españaren bidez zabaldu direla, kate publikoaren eta NUPen artean izenpetu den hitzarmen bati esker. Kasu honetan, finalistek ahalegin osagarri bat egin behar izan dute, eta beren ikerketen lana minutu batean laburtu.
Zientzia eta teknologiaren zabalkundea
Javier Pedreira Museos Científicos Coruñeses museoen informatika arduraduna da 1997. urtetik, eta Microsiervos blogeko sortzaileetako bat; izan ere, gaztelaniazko zientziari eta teknologiari buruzko blog irakurrienetako bat. Informatikarekin duen harremana Naranjito-ren urtean hasi zen eta, 1993. urtetik, Internet erabiltzen du. Sareen sareari buruz eta teknologiari buruz idazten hasi zen ia kasualitatez, eta denbora batez alde batera utzi bazuen ere familia bat osatzeko, Alvaro Ibáñezek eta Nacho Palouk Microsiervos bloga sortzea proposatu zioten.
Microsiervos zabalkunde blog bat da, honako gai hauei buruzkoa: teknologia, zientzia, informatika eta beste gauza asko gehiago. Esaterako, biltzen ditu oharrak honako hauei buruz: umorea, gaurkotasuna Interneten eta oso bestelako gaiak, egileei interesatzen zaizkienak, adibidez astronomia eta abiazioa, zorizko jokoak, uste ustelak, gailuak, konspirazio handiak eta txikiak edo puzzleak.