Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko 177 ikaspostu eskainiko ditu osotara Espainiako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko programa batean. 2014-15 ikasturtean Ikasleen mugikortasun programa honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea aste honetan ireki da, eta interesa dutenek otsailaren 24ra arteko epea dute eskaera NUPeko erregistro orokorrean aurkezteko. Emandako ikaspostuen behin betiko zerrenda martxoaren 24an ezagutaraziko da.

Espainiako Unibertsitate Zentroen arteko Truke Sistema (SICUE) programa 2000. urtean jarri zuen abian Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia (CRUE) erakundeak. Helburua du ikasleei aukera ematea ikasketen parte bat beraiena ez den unibertsitate batean egiteko. Programak bermatzen du beren ikasketen balioa onartuko zaiela eta ikasketak baliatuko dituztela eta, halaber, beraien curriculum profilarekin egokituko zaizkiela. Ekimen honen helburua da ikasleak beste unibertsitate batzuetako irakaskuntza sistemetan prestakuntza hartzea, eta beste komunitate batzuetako gizartea eta kultura ezagutzea.

Programa graduko ikasleei zuzendua dago. Ikasle horiei eskatzen zaie 60 kreditu, gutxienez ere, gainditurik izatea, eta beste 30etan matrikulaturik egotea, eskaera aurkezten denean. Bost hilabetetik bederatzi hilabetera bitarteko egonaldia egingo dute unibertsitate hartzailean. Lehenengo kasuan, ikasleak 24 kreditu, gutxienez ere, egin behar ditu, eta bigarrenean 45 izan behar dira, gutxienez.

Ikasketen konpromisoan ezin dira sartu gainditu gabeko irakasgaiak, baina bai ikasleek matrikulatutako irakasgaiak betiere irakasgai horietara aurkeztu ez badira. Izangaiak aukeratzeko ikasketa-espedientea hartzen da kontuan eta lehentasuna daukate beste mugikortasun programa batean parte hartu ez duten ikasleek. Deialdiaren oinarriak osorik hemen daude: www.unavarra.es