Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Natxo Irigoyen, Julio Muro eta Iratxe Aquesolo

Ezkerretik eskuinera, Natxo Irigoyen, Julio Muro eta Iratxe Aquesolo

Julio Muro Erreguerena Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko irakasleak duela gutxi jaso zuen NUPen Jakintza bestetaratzeko emaitza hoberenaren Ikerketa saria “Desarrollo de tablas para la tasación de daños reales provocados por pedrisco y heladas en diferentes cultivos” lanarengatik. Taula hauek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira, eta aseguru-enpresek derrigor erabili behar dituzte, aipatu klima-istripuek uztetan eragindako kalteak balioesteko. Taula horien bidez laborariei dagokien kalte-ordaina zehazten da. Azken bi hamarkadetan, NUPeko ikertzaileek, AGROSEGUROrekin (Nekazaritza Aseguruen Erakunde Nazionala) lankidetzan, hogei bat baratze-labore tasatzeko taulak egin dituzte.

Fitotecnia Ikerketa taldearen azken ekarpenagatik eman zen saria. Patata extra-goiztiarrean edo primorrekoan izozteek eragindako kalteak tasatzeko taulak dira. Patata mota hori batez ere Mallorcan, Murtzian eta Sevillan hazten da. “Negu-udaberrietan hazten da —azaldu du Julio Muro irakasleak—. Beraz, patata estandarrerako taula ez zen erabilgarria. Mallorcako laborariek tasazio-tasa espezifiko bat eskatu zuten, ez zizkietelako kalteak behar bezala balioesten". Handik aurrera, AGROSEGURO S.A. —Espainiako nekazaritza eta abere aseguru guztiak zentralizatzen dituen enpresak— NUPekin ikerketa-hitzarmen bat sinatu zuen, eremu horietan izozteek eragindako kalteak simulatzeko, saiakuntzak egiteko eta tasazio taula berri bat sortzeko.

zoom Brokolia defoliatzeko saiakuntza. Ezkerretik eskuinera, defoliazio altua, ertaina, arina eta lekuko gisa erabilitako landareak.

Brokolia defoliatzeko saiakuntza. Ezkerretik eskuinera, defoliazio altua, ertaina, arina eta lekuko gisa erabilitako landareak.

Ikertzaile honek azaldu duenez, “lankidetza horiek jakintza unibertsitatetik enpresa mundura bestetaratzearen adibide garbia dira; kasu honetan, nekazaritza-aseguruen mundura". Taulak erreferentzi bihurtzen dira tasatzaileentzat, eta, Natxo Irigoyen irakasleak adierazi bezala, "beste herrialde batzuetatik ere eskatu dizkigute, hala nola Turkia eta Mexikotik". Ekoizleek, nekazaritza sindikatuek eta Nekazaritza Ministerioak tasazio-erreferentziak onartu, eta BOEn argitaratzen dira, asegurua egina duten laboreetan eragindako kalteak tasatzeko derrigorrezko tresna tekniko gisa erabiltzeko.

Julio Muro eta Natxo Irigoyenez gain, Unibertsitateko ikasleek eta prestakuntzan dauden ikertzaileek parte hartzen dute landa-lanetan. AGROSEGUROrekin 25 urte baino gehiago lankidetzan aritu eta gero, labore hauetarako egin dira tasazio taulak: tomatea, piperra, patata, azalorea, brokolia, baratxuria, tipula, porrua, alberjinia, artoa, erremolatxa, eguzki-belarra, soja, marrubia, (harriak eragindako kalteak); eta patata, artoa eta babak (izozteek eragindako kalteak). Orain izozteek babetan egindako kalteei buruzko azken simulazioak ekainera arte egiten dira NUPeko Esperimentazio Etxaldean.


Kalteen simulazioa eta kalibrazioa


Taulak egiteko, ikertzaileek saiakuntzak egiten dituzte labore-eremu desberdinetan eta NUPeko etxaldean bertan. Primor patatari dagokionez, sei saiakuntza egin ziren (bi Mallorcan, bi Murtzian eta bi Sevillan) hiru urtez jarraian. "Esperimentazio-eremuak egun eta primor patataren produkzio-eremu beretan jarri genituen. Hiru urteetan eremu horietara joan ginen aldian behin, hamabost egunetik behin, simulazioak egiteko eta bilakaera kontrolatzeko. Defoliazioen bidez izozteen kalteak sortzen dira". Landarearen aireko zatia suntsitzen da, % 50 edo % 100 defoliatuz, laborearen bilakaeraren une desberdinetan; nola erreakzionatzen duen ikusten da daukan errekuperazio gradua ebaluatzen da.

zoom Mallorcan egindako patata-saiakuntzetako baten irudia

Mallorcan egindako patata-saiakuntzetako baten irudia

Soroetan, aire zabalean eta laborea lurrean hazten ari dela, ia ezinezkoa da izozteak simulatzea. Arazo hori saihesteko, aldi berean, NUPeko Esperimentu Etxaldean, patata landareak hazten dira landare ontzi handietan. Landare hauekin sortak egiten dira eta % 50 eta % 100eko defoliazioak egiten zaizkie (soroan bezala), eta beste sorta batzuk izoztu egiten dira hotz ganberetan -2, - 4 eta -6 ºC-tan 5 orduz. Izozteen eta defoliazioen erantzunei buruzko emaitza konparatuekin kalibrazio ekuazioak lortzen dira izozteen ondorioak defoliazioaren ondorioekin berdintzeko. NUPek egindako kalibrazio saiakuntzen emaitzak landa-saiakuntzen emaitzei aplikatzen zaizkie, eta azken tasazio taulak lortzen dira.

Harriak eragindako kalteak simulatzeko, ura presio handian jaurtitzen duen makina bat erabiltzen da. Uraren intentsitate gradu desberdinak erabiliz maila ertain baxuko, ertaineko edo maila altuko kalteak lortzen dira, eta defoliazioaren emaitzak benetako harriak egiten dituenaren oso antzekoak dira.


Kalteen maila


Izozteek edo harriak eragindako kalteak tasatzeko taulek bi faktore aipatzen dituzte beti. Batetik, laborearen garapenaren fase fenologikoak ezartzen dituzte. Patatari dagokionez, 1etik 9ra bitartekoak dira, eta landarearen garapenaren fase desberdinei dagozkie (1:2 fasea, sortutako hostoak; 9 fasea, laborea horitzen (zahartzen) hasten da). Taula hauetako bigarren faktorea da ezbeharrak eragindako defoliazio ehunekoa (% 0tik 100era).

Kalteak ezartzen dira laborearen garapeneko fase zehatza eta kalteak izan dituen hostoen ehunekoa kontuan hartuz. “Patatari dagokionez, une kritikoena da hodiak jartzen direnekoa, tuberkuluak ilar baten tamaina duenean; une horretan uztaren % 60 galera gertatzeko arriskua dago —azaldu du Julio Murok—. Nolanahi ere, laborea pixka bat aurreratu bada bere garapenean, hostoaren % 100 suntsituko lukeen izozte batek soilik % 25 kalteak eragingo lituzke, edo laboreak zahartzen hasten denean, izozteak landarea suntsitu arren, patata osatu da eta ez dago galerarik".

Klimatologia baldintzak eta produktu desberdinen produkzio zikloak direla eta, tasazio taulak berraztertu edo berregokitu behar dira denbora igarotzen denean. Mallorcako laborarien erreklamazioari esker primor patatarentzat taula espezifiko bat sortu zen. Orain artoarentzat taula berri bat egiten ari da Julio Muro buru duen ikerketa taldea. "Duela 25 urte ziklo luzeko (110-120 egun) aldaerako artoan harriak eragindako kalteak tasatzeko taula egin genuen. Baina orain, Espainiako eremu hotzenetan, hala nola Leonen, Teruelen eta Nafarroako Pirinioaurrean, askoz ere ziklo laburragoko (90-100 eguneko zikloa) artoa hazten hasi dira. Aurretik zegoen taulako kalteen emaitzak ez zeuden egokituak ziklo laburrago hauetako erantzunen errealitatera. Hori dela eta, badira hiru urte saiakuntzak egiten hasi ginenetik, taulak aldaera goiztiarrago horietara berregokitzeko". Saiakuntza hauek Irunberri aldeko (Nafarroa) sail ureztatuetan egiten dira.