Ezkerretik eskuinera, Diana Calatayud, Alfredo Pina, Benoit Bossavit (eserita), Miriam Lizaso eta Mikel Ostiz.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko ikertzaileek errealitate birtualeko hainbat aplikazio garatu dituzte. Aplikazioen helburua da ezohiko garapena daukaten haurren ezagutza eta mugimendu gaitasunak hobetzea. Ikasleek elkarreragin naturalaren bidez erabiltzen dute softwarea, eta Iruñeko Andrés Muñoz ikastetxe publikoan probatzen ari dira modu esperimentalean.
Gorputz-atal desberdinekin margotzea, eguneroko errutinak egitea, hala nola hortzak garbitzea, puzzleak egitea edo musika tresnen soinuak ezagutzea, horra aplikazio hauekin egin daitezkeen jardueretako batzuk. Diziplina-anitzeko talde batek garatu ditu aplikazioak, eta ikerketan parte hartu dute NUPeko ikertzaileek, Anfas elkarteko profesionalek eta Andrés Muñoz ikastetxeko teknikariek.
Alfredo Pina Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko irakaslea da ikerketaren buru, eta errealitate birtualeko, errealitate gehituko eta elkarreragin aurreratuko teknologia garatu eta aplikatzeko europar proiektu baten barruan dago ikerketa. Latinoamerikako 8 unibertsitatetako eta Europako 4 unibertsitatetako ikertzaileek osatzen dute Alfa Gaviota Proiektua (Bistaratze Orientaturako Talde Akademikoak Teknologia Egokiekin), eta aurrekontua 1,2 milioikoa da.
Errealitate birtuala ordenagailuetan eta beste hainbat gailutan erabiltzen den sistema teknologikoa da, errealitate-itxura bat erreproduzitzen duena. Hasieran bideojokoetan aplikatu zen, baina gaur egun beste hainbat alorretan ere erabiltzen da. Esaterako medikuntza, hegaldatze-simulazioak edo, kasu honetan bezala, hezkuntzaren arloan. NUPek sortutako softwarea kinect dispositibo baten bidez erabiltzen da, Xboxeko kostu txikiko bideo jokoen sentsore bat, aplikazio berekiak sortzeko modua ematen duena.
Sentsore honek pertsona baten hezurdura ezagutu eta bere irudia pantaila batean proiektatzen du. Aldez aurretik aplikazioan sortutako errealitate birtualeko elementuekin elkarreragin daiteke pantailan. Gorputz-atal batek, eskuetako batek eskuarki, ordenagailu baten saguarena egiten du, eta horrek pantailarekin elkarreragin naturala edukitzeko modua ematen du.
Softwarea Andrés Muñoz ikastetxe publikoaren hezkuntza proiektuarekin lankidetzan garatu da, eta bere ikasleen ezagutza eta mugimendu gaitasunak kontuan hartuta. Horrez gainera, lan hau doktoretza-tesi bihurtu da, eta Benoit Bossavit Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bekaduna den eta prestakuntzan dabilen ikertzailea ari da doktoretza tesia egiten.
Andrés Muñoz ikastetxeko ikasleak dagoeneko probatzen ari dira modu esperimentalean hezkuntza aplikazioak. Zehazki, plastikarekin zerikusia dauka eta haurrei gorputz-atal desberdinekin margotzeko modua ematen dien jarduera bat. Bi pertsonak aldi berean erabil dezakete aplikazio hau. Hortzak garbitzea edo betaurrekoak jartzea bezalako eguneroko errutinak joko bihurtzen dituzte aplikazio hauek, haurrek erabili behar dituzten benetako objektuetan ezarritako markagailuen sistema baten bidez.
Puzzleak egiteko irudi geometrikoen aukeraketa, musika konposatzeko eta musika-tresnen soinuak bereizteko aplikazioa dira Andrés Muñoz ikastetxean erabiltzen ari diren beste aplikazioetariko batzuk. Azken xedea da ikastetxearen hezkuntza proiektuaren barruan egongo den aplikazioen katalogo bat sortzea. Katalogo horretan aipatuko da bai zer onura lortzen diren ikasleen garapenean, bai nola erabili behar diren ere.
Alfredo Pina NUPeko lankidetza inguruneetarako teknologiak eta informatika aplikazioak Ikerketa Taldearen kidea da, eta talde horren lan-lerroen artean dago errealitate gehituko eta errealitate birtualeko sistemak garatzea. Hezkuntza-aplikazio horien garapenean parte hartu dute, halaber, honako hauek: Iñaki Iralde, mahaia nola jarri erakusten duen errealitate birtualeko aplikazio bat garatu zuena Karrera Amaierako Proiektu gisa; María Isabel Sánchez, Didaktika eta Adierazpen Plastikoko irakaslea; halaber Miriam Lizaso Lengoaia eta Sistema Informatikoen irakaslea eta Mikel Ostiz, Informatika Ingeniaritzan tituluduna NUPen. Azken biek tableterako musika-aplikazio bat garatu zuten, eta aplikazio hori egokitu egin da hezkuntza proiektu honetarako. Horiei gehitu behar zaie Diana Calatayud, Alfa Gaviota proiektuaren kudeatzailea. Aplikazio horien funtzionamendua Alfa Gaviota proiektuaren webean jarritako bideo batean dago.