Joan eduki nagusira

zoom Rodrigo Ramírez Campillo

Rodrigo Ramírez Campillo

Rodrigo Ramírez Campillo, hezkuntza fisikoko irakasle eta osasun zientzietan doktoreak, bere doktoretza tesian frogatu du entrenamendu pliometrikoaren bidez —jauzi ariketak, lasterketa laburrak eta jaurtiketak— futbolari gazteek beren errendimendu fisikoa nabarmen areagotzeko aukera dutela eta, horren bidez, beren lehiakortasun errendimendua areagotzekoa ere bai. Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zuen bere ikerketan zehar, bost azterlan egin zituen 361 parte-hartzailerekin: lau 10 eta 17 urte arteko mutiko futbolariekin, eta bat iraupen-erdiko eta iraupeneko lasterkariekin, gizon eta emakume adinez nagusiak.

Doktoretza tesiaren xedea izan zen aztertzea entrenamendu mota honen eraginkortasuna kirolarien hobekuntza fisikoan, gainera kontuan hartuta honako aldagai hauek: atseden denbora, entrenamenduaren maiztasuna eta zeren gainean egiten den. "Beste ariketa batzuk ez bezala, —azaltzen du Rodrigo Ramírezek—, pliometrikoek material, espazio eta denbora gutxi eskatzen dute; hortaz, oso eraginkorrak dira kirolarien entrenamendu planean".

Ariketa pliometrikoak jauziak, jaurtiketak, lasterketa laburrak eta antzeko beste mugimendu batzuetan dautza, hala ere, erabilienak lehenbizikoak dira. Azterlan honetako parte-hartzaileek honako hauek egin behar izan zituzten: erorizko jauziak (20-60 zentimetroko kaxoi batetik erori, ondoren, berehala ahalik eta azkarren eta garaien salto egiteko), jauziak oin batekin, 2 oinekin, horizontalean, bertikalean, errepikatuak (hainbat jauzi jarraian atsedenik gabe) eta jauziak etenekin (atsedena eginez bata eta bestearen artean) modu ezberdinetan konbinatuz.

zoom Ariketa monitorizatuen saioetako bat

Ariketa monitorizatuen saioetako bat

Rodrígo Ramírezen tesiaren izenburua hau da: "Entrenamendu pliometrikoaren eraginak entrenamendu esplosiboan eta aerobikoan. Atsedenaldiaren, bolumenaren eta gainazalaren eragina". Tesiaren zuzendaria izan da Mikel Izquierdo Fisioterapia katedraduna NUPeko Osasun Zientzien Sailean, eta kalifikazio handiena erdietsi du: Bikain cum laude.

Metodo pliometrikoa gehien bat gutxieneko motrizitate maila daukaten kirolari gazte eta helduak entrenatzeko erabiltzen da, ariketak modu egokian eta ziurrean egingo direla ziurtatzeko. Abiadura, indar, erresistentzia eta horrelako probetan lehiatzen diren kirolariei aplika dakieke. Zenbait ikerketak frogatu dute heldu adindunek beren muskulu potentzia hobetu ahalko luketela mota honetako ariketekin.


Emaitza berritzaileak


Ikerketan zehar frogatu zen futbolari gazteek entrenamendu pliometrikoko saioak egin ditzaketela egun jarraituetan, eta beren errendimendua nabarmen hobetzen dela. “Honek paradigma aldaketa handia dakar, zeren tradizioan iradokia baitzen saio baten eta bestearen artean gutxienez 48 orduko atsedenaldia beharrezkoa zela”, dio ikerketaren egileak.

Emaitza interesgarrienetako bat entrenamenduaren bolumenarekin lotua zegoen; hau da, errendimendua areagotzeko egin beharreko errepikapen kopuruarekin. "Pentsatu ohi da gehiago hobearen sinonimo dela, baina emaitzek frogatu zuten hori ez dela entrenamendu pliometrikoaren kasua. Ikusi genuen jauzien errepikapen bolumen moderatu bat (60 saioko) nabarmen eraginkorragoa zela bolumen handia baino (120 saioko)”.

Beste aurkikuntza bat ariketa serie baten eta bestearen artean atseden hartu beharreko denborarekin lotua zegoen. Beti gomendatzen zen 2 minututik gorako atsedena, baina ebidentzia zientifiko gutxi zegoen praktika hori oinarritzeko. Azterlan honetan 2 minutuko, 1 minutuko, edo 30 segundoko atsedenaldiak egin ziren. "Harrigarriki, hiru atsedenaldiak berdin izan ziren eraginkorrak futbolari gazteen errendimendua hobetzeko. Honek aplikazio praktiko garrantzitsuak dauzka, zeren 30 segundoko atsedenaldi batek aukera emango bailuke prestakuntza fisikoko saio laburrago bat egiteko, eta gainerako denbora entrenamendu teknikoa eta taktikoa egiteko". Ildo horretatik, Rodrigo Ramírezek uste du entrenamendu pliometriko baterako ez litzatekeela behar 20 edo 30 minutu baino gehiago.

Azkenik, entrenamendua egiten den gainazal motari dagokionez, ikusi zen gainazal gogor batek (zura) onura gehiago ematen dituela bigun batek (koltxoneta) baino, eta horregatik ez dela min gehiago giharretan ez eta lesio gehiagorik ere. Hortaz, "nolabaiteko entrenamendu espezifikotasuna ikusi zen, eta, hortaz, emaitzek iradokitzen dute ideala dela entrenamendu pliometrikoa egitea lehiaketarako gainazal mota horretan, kasu honetan, belardian" .

Rodrigo Ramírez Campillo irakaslea da Jarduera Fisikoaren Zientzien Sailean Universidad de los Lagos unibertsitatean, Osornon (Txile), eta ikertzaile elkartua Laboratorio de Ciencias del Ejercicio de la clínica MEDS laborategian, Santiagon (Txilen). Berroegita hamar bat artikulu indexatuen egilea da Journal of Sport Sciences and Medicine; Jourgnal of Strenght and Conditioning Research, Revista Médica de Chile, eta beste aldizkari batzuetan, eta 70 ikerketa biltzar baino gehiagotan parte hartu du. Halaber, “Horizonte: Ciencias de la Actividad Física” izeneko aldizkaria zuzentzen du eta sariak jaso ditu Lan zientifiko hoberenari 53. Congreso de la Sociedad Chilena de Medicina del Deporte biltzarrean (2012) eta Profesional aipagarrienari kirol helburuko ikerketa arloan, Osornoko Tokiko Kirol Kontseiluak (2013) emana.