Joan eduki nagusira

zoom Lafuente ezkerrean, eta Marqueta, hitzarmena izenpetzean.

Lafuente ezkerrean, eta Marqueta, hitzarmena izenpetzean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu du "la Caixa"ren Gizarte Obrarekin, hiru katedraren eta bi ikerketa instituturen garapenean laguntzeko, eta graduondoko bekak finantzatzeko. Hitzarmena urtarrilaren 21ean, asteartean, izan da, NUPen egin den ekitaldi batean. Julio Lafuente López Unibertsitateko errektorea, eta Raúl Marqueta Bueno, CaixaBankeko Nafarroa-Aragoi-Errioxa lurraldeko zuzendaria, egon dira bertan.

Bertan egon dira, baita ere, Alfonso Carlosena, Ikerketako errektoreordea, Eloísa Ramírez, Unibertsitate Proiekziorako errektoreordea, Pedro Iraizoz Unibertsitateko kudeatzailea eta hitzarmen honen onuradunak izango diren hiru katedren arduradunak. Hiru katedra horien ordezkariak hauek izan dira: Emilio Huerta, Lidergo, Estrategia eta Enpresa Katedrako ordezkaria; Patxi Salaberri, Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboaren Katedrako ordezkaria; eta Begoña Pérez Eransus, Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrako arduraduna.

zoom Ezkerretik eskuinera: Emilio Huerta, Begoña Pérez, Julio Lafuente, Raúl Marqueta eta Patxi Salaberri.

Ezkerretik eskuinera: Emilio Huerta, Begoña Pérez, Julio Lafuente, Raúl Marqueta eta Patxi Salaberri.

Lidergo, Estrategia eta Enpresa Katedraren helburua da enpresa-ekimeneko esperientziak eta estrategiak zabaltzea unibertsitateko kideen artean, eta lan eta ikerketa lerroak garatzea, enpresa eta erakundeen erronkei buruz. Beste alde batetik, Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailak, beste hainbat erakunderen laguntzarekin, zuzentzen du Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboaren Katedra. Katedra honen helburua da XX. mendeko Nafarroako gizarte tradizionalaren memoria bildu eta digitalizatzea. Bere lanak egiteko finantzatzioa jasoko duen hirugarren katedra 2009. urtean sortu zen Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedra izango da. Katedra hau prestakuntza, ikerketa eta elkarrizketa eremu bat da, pluralismoa eta aniztasuna batzen dituzten prozesu demokratikoen inguruan.

Hitzarmenak laguntzak dauzka bi ikerketa institutu sortzeko, baita ere. Biak birtualak izango dira, eta NUPen ikerketa lana ikusgarri egiteko helburua daukate. Azkenik, hitzarmenari esker Unibertsitatearen graduondoko beken programak ematen dituen laguntza kopurua handiagotu da.