Joan eduki nagusira

zoom Hainbat ikasle NUPen egin den proban

Hainbat ikasle NUPen egin den proban

Batxilergoko 70 ikasletik gora lehiatuko dira ostiral honetan, urtarrilaren 17an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasgelategian egin den Espainiako 50. Olinpiada Matematikoaren eskualdeko fasean. Probak Matematika Saileko irakasleek antolatu dituzte, eta haietan parte hartu dute 73 gaztek, horietatik 44 mutil eta 29 neska. Fase honetako lehen hiru sailkatuek aukera edukiko dute nazioko fasean parte hartzeko; hau Requenan (Valentzia) izango da, martxoaren 27tik 30era. Probaren hasieran egon da Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Julio Lafuente.

Goizez eta arratsaldez egiten diren probetan, ikasleek matematikako sei problema ebatzi behar dituzte. Olinpiadako antolatzaileek izendatutako epaimahaiak ebaluatuko ditu erantzunak. Ezin izan da kalkulagailua erabili proban; bai, ordea, marrazketako tresnak, hala nola erregela eta konpasa.

Gogorarazi behar da fase nazionalean lehen sailkatzen direnek aukera izango dutela Nazioarteko 55. Olinpiada Matematikoan Espainiako ordezkari izango den taldeko kide izateko, Lurmutur Hirian (Hegoafrika), uztailean. Halaber, Iberoamerikako 29. Olinpiada Matematikora joateko aukera izango dute; Hondurasen egingo da irailean.

Prestakuntza saioak eta sariketa

Olinpiada Matematikoak ikasle gazteen arteko lehiaketak dira. Lehiaketa horien helburu nagusia da Matematikaren azterketa sustatu eta zientzia hartan gazte talentudunak garatzea. Lehiaketak hiru fase ditu (tokikoa edo eskualdekoa, nazionala eta nazioartekoa), hurrenez hurren, geroz eta zailtasun handiagoa dutenak. Dauden faseetako problemak ebazteko, ez da behar matematika ezagutza berezirik. Aitzitik, bilatzen dena da ikaslea arrazoitzeko gaitasunaz baliatzea haiek ebazteko, alegia, egoera berriei aurre egiteko trebetasunaz, eta (batzuetan “ideia zoriontsu” izen okerrez ezagutu ohi den) horretatik pixka bat izatea ere.

Unibertsitate Publikoko Matematika Sailak urteak daramatza olinpiada hauek prestatzen. Sariketa egin baino lehen, parte hartzaileei aukera ematen zaie prestakuntza saioetan parte hartzeko. Urte honetako prestakuntza saioak joan den azaroan eta abenduan egin ziren Daniel Lasaosa Medarde eta Gustavo Ochoa irakasleek zuzenduta. Saioetako batera joan zen Ander Lamaison, Espainiako Olinpiada Matematikoa irabazi zuen lehen ikasle nafarra, Nafarroako sariketan txapelduna izan baitzen. Saio hauek jarraipena edukiko dute eskualdeko fasean irabazle diren eta olinpiada nazionalean parte hartzen duten ikasleentzat.