2014-2015 ikasturtean Gradu ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi nahi dituztenek ekainean egingo dute aurreinskripzioa. Horrez gain, dauden Gradu titulazioak ezagutarazteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ateak Zabaltzeko hiru egun antolatu ditu hurrengo udaberrirako (bat, Tuterako campusean, martxoaren 29an, larunbatean; eta bi, Iruñeko campusean, apirilaren 5 eta 12an, biak larunbatean. Egun horietan orientazio-hitzaldiak emango dira 2014-2015 ikasturtean emango diren 16 Graduei eta bi Gradu bikoitzei buruz. Jardunaldi horiek hurrengo ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2014-2015 ikasturterako daukan irakaskuntza-eskaintzaren aurkezpenean jakinarazi zien informazioa Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendari, irakasle eta orientatzaileei. Lan-saio hartan parte hartu zuten Paloma Vírseda Chamorro (Ikasleak eta Enplegua) eta Jesús María Pintor Borobiak (Irakaskuntza Antolamendua).
Bigarren urtez Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez du aurreinskripzio-aste aurreraturik antolatu apirilean. Aurreinskripzio aurreratua kudeatzen zuen aplikazio informatikoaren kostu ekonomiko handia dela-eta, Unibertsitateak apirileko aurreinskripzio aurreratua kendu du eta ekaineko ohiko inskripzioak lehen bezala jarraituko du (eta uztailean, ohiz kanpokoak) Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gradu titulu bat egin nahi dutenentzat.
Bi campusetako Ateak Zabaltzeko Egunak
Ikastegi eta titulazioek antolatu dituzte Ateak Zabaltzeko Egunak, eta bai etorkizuneko unibertsitateko ikasle eta bai gurasoek parte hartzen ahalko dute. Halaber, ikasketei buruzko informazio-hitzaldiak eta unibertsitateko instalazioetara bisitak egiten dira egun horietan, bereziki laborategi eta lantegietara, ingeniaritzen eta osasun arloko ikasketei dagokienez. Halaber, horretarako interesa daukatenek Iruñeko Arrosadiko Campuseko kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.
Zehazki, martxoaren 29an, larunbatean, Tuterako campuseko (Tarazonako etorbidea, z/g) ekitaldiak Erriberako hiriburuan ematen diren bi titulazio hauek ezagutzeko interesdunak hartuko ditu: Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza.
Egun hauek aste bat geroago edukiko dute segida, apirilaren 5ean, Iruñeko campusean. Egun hartan titulazio hauei buruzko informazio-saioak izango dira: Osasun Zientzien Fakultateko titulazioei buruz (Erizaintza eta Fisioterapia), Zientzia Juridikoen Fakultateko titulazioei buruz (Zuzenbidea, Lan Harremanak eta Giza Baliabidea eta Zuzenbideko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu bikoitza), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoei buruz (Haur Hezkuntzako irakaslea, Lehen Hezkuntzako irakaslea, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoei buruz (Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren gradu bikoitza, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren nazioarteko programa elebiduna, eta Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren Gradu bikoitz eta elebiduna).
Halaber, apirilaren 12an, larunbatean, informazio-saioak izango dira beste titulazio hauei buruz: Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduei buruz (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza), eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoei buruz (Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Informatikoa).