Joan eduki nagusira

zoom María Jesús Álvarez Urricelqui

María Jesús Álvarez Urricelqui

María Jesús Álvarez Urricelqui, Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziadunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan defenditu du bere doktoretza tesia, “Nafarroan adimen desgaitasuna daukaten pertsonen enplegua eta bizi kalitatea” izenburua duena. Bere ikerketan inplikatu ziren kolektibo honetako kideak, haien familiak eta lanbide-zentroetako eta enplegu zentro berezietako profesionalak. Azaltzen duenez, emaitzek bizi kalitatearen maila handia adierazten dute. "Hiru taldeen arteko puntuazioetan aldeak dauden arren, guztiek balioesten dute puntuazio hobeagoarekin zaintza eta ongizate mailetan egindako lorpenak, aldiz, balioespena jaitsi egiten da autonomia eta erabakitzeko ahalmena lotua duten gaietan", dio egileak.

María Jesús Álvarezen doktoretza tesia zuzendu dute Joaquín Sevilla eta Reyes Berruezo NUPeko irakasleek, eta kalifikaziorik handiena erdietsi du, Bikain cum laude. Ikerketa lana bideratu zuen hasierako galdera honako hau izan zen: Nola laguntzen du enpleguak adimen desgaitasuna daukaten pertsonen bizi kalitatean? Hortik aurrera, xedea zen egiaztatzea gaur egungo Nafarroako zentroek, lanpostuen eskaintzak eta lanbide jarduerek pertsona horien bizi kalitatea lortzeko eginkizuna betetzen duten, eta desberdintasunik dagoen generoaren arabera, bizitzeko gunearen arabera (hiria/herria), arreta erregimenaren edo joaten diren zentroaren arabera.

Azterketan 409 pertsonaren datuak hartu ziren kontuan. Horretarako, 931 galdetegi prozesatu ziren (380 familienak, 317 enplegu zentroetako profesionalek erantzundakoak eta, elkarrizketen bidez, adimen desgaitasuna duten 234 pertsonen datuak erdietsi ziren gai berdinei buruz). Planteatu ziren gaien artean zeuden ongizate materiala, fisikoa eta emozionala, garapen pertsonala, harremanak, eskubideak, gizarteratzea eta autodeterminazioa. Era berean, egiaztatu nahi izan zen bizi kalitatean aldaketa atzematen ote zen arreta erregimenaren, maila profesionalaren, generoaren eta bizitzeko gunearen aldagaiei erreparatuta.

Emaitzak

zoom Jasotako puntuazioak azaltzen dituen grafikoa

Jasotako puntuazioak azaltzen dituen grafikoa

Balioespena bukatu ondoren, ikusi da 10 puntutik ia 2 punturen aldea dagoela desgaitasuna duten pertsonen eta haien ingurukoen balioespenen artean. Hau da, lehenbizikoek bizi kalitate oso ona atzematen duten artean, familiek eta profesionalek puntuazioa jaitsi egiten dute nahiko altu batera. Álvarez doktoreak azaltzen duenez, “honek berretsi egiten du aurretik egin diren azterlanetan islatu den desberdintasuna subjektuen beraien eta beren ingurukoen arteko pertzepzioan. Desgaitasuna ez duten pertsonekin gertatuko litzatekeen bezala, balio gehien duena da erantzuten duenaren pertzepzio subjektiboa. Eta inguruaren kasuan, balio gehiago eman behar zaio familien iritziari, subjektuaren ikuspegi osoagoa baitaukate beren bizitza osoan zehar eta garapenaren arlo desberdinetan. Aldiz, profesionalak objektiboagoak izango dira, baina soilik lan eremuko pertzepzioa daukate".

Hortaz, María Jesús Álvarezek azpimarratzen duenez, "interesgarriena da, puntuazioan desberdintasunak egon arren, puntuazioen kurba antzekoa dela hiru taldeen artean (ikusi erantsitako grafikoa). Guztiek balioesten dituzte altuago zainketa dakarten neurriak eta baxuago autonomia eta erabakitzeko ahalmena lotua dutenak. Honetan bat datoz, eta horrek are balio handiagoa ematen die emaitzei".

Doktoretza tesiak azaltzen du ongizatearen neurriak ongi lortuak badaude ere, (desgaitasuna duten pertsonek badute behar dutena, eta fisikoki eta emozionalki ongi daude), ez dira beren eskubideen subjektuak, ez dago gizarteratze eraginkorrik eta ez dira beren destinoaren jabe.

Historikoki, arreta zerbitzuak bideratu dituen adimen desgaitasun kontzeptuaren bilakaera izan da hiritar horiek baztertzetik, zaindu eta arreta eman beharreko subjektutzat hartzera. "Ez da gauza bera gertatzen autonomia eta hautatzeko ahalmen gehiago dakarten arloetan —azaldu du Álvarez irakasleak— zeren, ez da bakarrik pertsona bat prest egotea aukeratzeko zer egin nahi duen bizitzan edo zein lagunekin egon nahi duen. Era berean, aukerak eduki behar dira hautatzeko edo beste pertsona batzuk prest egotea desgaitasuna duten pertsonekin berdintasunean harremanak edukitzeko". Testuinguru honetan, zenbait azterlanek islatzen dute lanean sartzeak eta ohiko enpleguan parte hartzeak, berez, ez dakarrela gizarteratzea.

Azkenik, desgaitasuna duten pertsonen ikuspuntutik, ez zen alderik aurkitu generoaren, bizitzeko gunearen, erregimenaren (enplegu berezia / lanbidea) edo maila profesionalaren aldagaiei erreparatuta. Aldiz, familiek eta profesionalek bai atzematen dituzte desberdintasunak bizi kalitatean, erregimenaren eta maila profesionalaren arabera.

María Jesús Álvarez Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean eta doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan; instituzio honetan irakasle elkartua da 2006-2007 ikasturtetik Psikologia eta Pedagogia Sailean. Bere jarduera profesionala garatu du hainbat enpresa eta erakundetan, esaterako: Tubexport, ANFAS, Onartu, Fundación Koine-Aequalitas, Sedena eta Nafarroako Tutoretzarako Fundazioa, eta 2011ko apiriletik Zure ondoan enpresako kide eta administratzailea da. Halaber, NUPeko Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkartearen kide fundatzaile eta Zuzendaritza Batzordeko kidea da, eta FEAPS Adimen Desgaitasuna daukaten Pertsonak Gizarteratzeko Elkarteen Federazioak antolatutako hainbat jardunaldi antolatzen lagundu du.

Zazpi ikerketa proiektutan parte hartu du ikertzaile nagusi gisa zein laguntzaile gisa, eta proiektu guztiak lotuak egon dira arreta espezializatuarekin eta adimen desgaitasuna daukaten pertsonekin. Liburuetako lau kapitulu eta dozena bat argitalpen egin ditu, ia hogei biltzar eta zientzia jardunalditan parte hartu du hitzaldien eta edo komunikazioen bidez.