Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatu dituen Ikerketetako XII. Jardunaldietan aztertuko dira osasuna eta pazienteen autonomia babesteko gaur egungo dilemak. Topaketa abenduaren 12 eta 13an egingo da Arrosadiko campuseko Arteak eraikineko Ada Byron aretoan. Parte-hartzea doakoa da aldez aurretik izena emanda Zientzia Juridikoen Fakultatean. Jardunaldi hauei buruzko informazioa www.unavarra.es webgunean dago.

Jardunaldiak bi saiotan egituratu dira. Lehenbizikoan, ostegun honetan, abenduaren 12an, osasuna babesteko eskubidearekin lotutako gaur egungo gaiak aztertuko dira. Saioa hasiko da “Aukera juridiko/etiko berriak Osasun zuzenbidean” lan kolektiboaren aurkezpenarekin. Lana zuzendu dute José Francisco Alenza García Zientzi Juridikoen Fakultateko dekano eta Administrazio Zuzenbideko irakasleak eta Mª Luisa Arcos Vieira dekanorde eta Zuzenbide Zibileko irakasleak.

Lehen hitzaldia emango du Luis Martín Rebollo Administrazio Zuzenbideko katedradunak Kantabriako Unibertsitatean. "Administrazioaren ondare erantzukizuna bidegurutzean: aipu berezia osasun esparruari. Gogoeta bat" da hitzaldiaren izenburua. Ondoren, mahai inguru bat programatu da osasuna babesteko eskubidearen gaur egungo erronkei buruz. Moderatzailea Enrique Rubio Torrano NUPeko Zuzenbide Zibileko katedraduna izango da.

Mahai inguru horretan parte hartuko dute José Francisco Alenza García Administrazio Zuzenbideko irakasleak; Martín Razquin Lizarraga Administrazio Zuzenbideko katedradunak; Alicia Chicharro Lázaro Nazioarteko Zuzenbide Publikoa eta Nazioarteko Harremanak irakasgaiaren irakasleak; eta Ignacio Amátriain Cía Ogasuneko teknikari eta ohorezko irakasle laguntzaileak.

Jardunaldi hauetako bigarren saioa ostiralean, abenduaren 13an, egingo da, eta pazienteen autonomia printzipioari eta haren mugei buruzko zenbait planteamendu berri aztertuko dira. Ernesto Vidal Gil Valentziako Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofia, Morala eta Politikako katedradunak emango dio hasiera saioari “Bioetika(k), printzipioak eta eskubideak krisi garaietan” izeneko hitzaldiarekin.

Jardunaldia "Pazienteen autonomia printzipioaren mugak" izenburuko mahai inguruarekin bukatuko da. Moderatzailea Francisco Javier Blázquez Ruiz NUPeko Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea izango da, eta gaian zenbait aditu ere bertan egongo dira.